lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 27/04/2026

Guardetxearen proiektu autogestionatu eta komunitarioa aurkeztu diote Donostiako Udalari

La Haine - Euskal Herria
"Gure helburu nagusia Guardetxea auzoarentzat izatea da, eta bertan abiatutako proiektuaren jarraipena bermatu nahi dugu".

Ostiralean urtebete beteko da Donostiako Guardetxea okupatu, auzolanean espazioa berritu eta Alde Zaharreko Gaztetxearen egitasmoa martxan ipini zutenetik. Horren harira, elkartea sortu eta Donostiako Udalari proiektu autogestionatu eta komunitarioa aurkeztu diote, eraikinaren erabilera adostea helburu izanik.

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udaleko ordezkari eta teknikariekinekin balizko akordio baten bidez Guardetxearen esleipena adosteko asmoz, baina ez dute inolako hitzarmenik lortu. Horregatik erabaki dute elkartea eratzea: "Gure helburu nagusia Guardetxea auzoarentzat izatea da, eta bertan abiatutako proiektuaren jarraipena bermatu nahi dugu".

Orain udalaren txanda dela adierazi du AZGAk, eta eta bi aldeen artean eraikinaren esleipen baldintzak adosteko prestutasuna azaldu dute. Halaber, eraikinean egin beharreko egokitzapen lanen diseinua eguneratzeko eta finantzaketarako baliabide ekonomikoak eskuratzeko nahia dutela ere azaldu dute.

Guardetxea okupatu zutenetik urtebete igaro denez, balorazioa ere egin du AZGAk, eta honakoa nabarmendu: "Sei urtez Guardetxea hutsik eduki duen udal gobernuak errepresioaren bidez erantzun dio martxan jarritako Gaztetxearen proiektuari. Horren adibide dira aurre egin behar izan diegun epaiketak, desalojatzeko saiakerak, martxan dauden muntaketa polizialak eta prozesu judizialak, baita errekurritu behar izan dugun 32.000 euroko isuna ere. Hala eta guztiz ere, elkartasuna antolatu eta erresistentziari eutsi diogu, eta zailtasunak gorabehera, ez dute gure jardun politikoa gelditzea lortu".

Halaber, azaldu dute urte osoan zehar eskaintza kultural eta politikoa garatzeko aukera izan dutela, eta auzoko zein Donostiako hainbat elkarte eta gizarte mugimenduren babesa jaso dutela. "Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu urte honetan zehar babesa erakutsi eta laguntzera hurbildu zareten guztiei". Bukatzeko, urteurreneko ospakizunean parte hartzeko gonbita luzatu dute: larunbatean izango da, maiatzaren 2an.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal