Guardia Zibilaren kuartelean izan ziren Sestaoko haurren familiek diote ez zituztela informatu

Uztailaren 7an Bilboko Guardia Zibilaren kuartela bisitatu zuten Sestaoko Las Llanas kirol elkarteko campusean parte hartzen ari ziren 5 eta 11 urte bitarteko haurrek. Bisitan, besteak beste, armak erakutsi zizkieten, eta argazkiak atera eta sareratu zituzten. Horren ondorioz, hainbat familiak kexa formala jarri dute.
Las Llanasek erantzun du familiek bazekitela bisita hori egingo zela, jardueren programan aurreikusita zegoelako, baina familiek ukatu egin dute halakorik, eta salatu dute informazioa eskatu arren ez zietela igorri.
Naiz.eus-ek jaso duenez, familiek aurretiaz informazioa eskatu izanaren frogak dituzte, mugikorretako pantaila-argazkiak eta guzti: "Gardentasun falta eta informazioa ezkutatu izana salatu nahi dugu", azaldu dute, hedabide horren arabera. "Jarduera horren ezaugarri guztiak jakin izan bagenitu, gure hezkuntza balioak kontuan edukita, aukera izango genuke erabakitzeko seme-alabak bidali ala ez, orain gauden egoerara iritsi gabe".
Familiek aurretiaz informazioa eskatu izanaren frogak dituzte, mugikorretako pantaila-argazkiak eta guzti: "Gardentasun falta eta informazioa ezkutatu izana salatu nahi dugu"
Sare sozialetan argazkiak zabaldu izana ere salatu dute, datuen babeserako legea hausten duelako eta ez zutelako horretarako baimenik eman. Azaldu dutenez, familietako batek udalekua utzi du, eta salaketa Sestaoko Udaleko egoitza-elektronikoan jarri dute.
Taekwondo egitetik, pistolekin argazkiak ateratzera
Ez da lehen aldia Las Llanas klubeko kirol-campusaren jokabideak ika-mika sortzen duela; teorian taekwondoaren inguruko jarduerak egin behar dituen arren, halako irteerak ere antolatu izan baititu lehenago. 2025ean haurrak Udaltzaingoaren egoitzara eraman nahi izan zituzten, eta familiek honakoa mezua jaso zutela dio Naiz.eus-ek: "Argazkiak aterako ditugu Polizia ibilgailuekin, kalabozoetan, segurtasun kamerekin eta pistolekin".
Bestalde, klubak Sestaoko Udalarekin ituna dauka sinatuta eta, ondorioz, euskararen gutxieneko erabilerak bermatuta egon behar luke, baina familien esanetan dute hori ere ez da betetzen.







