lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 03/01/2021

Guneak jardun politikorako

Tolosaldeko Ataria
Kaxilda hutsarazi ondoren, Aiztondoko Gazte Asanbladak beste gune bat du Zizurkilen, eta Ezpalari eusten diote Tolosan.

Hainbat gazte antolakundek okupatutako guneen defentsan jardun dute 2020an; Kaxilda hutsarazi ondoren, Aiztondoko Gazte Asanbladak beste gune bat du Zizurkilen, eta Ezpalari eusten diote Tolosan.

2019ko apirilean Zizurkil eta Tolosan aspalditik erabilera gabe zeuden bi eraikin okupatu zituzten, hurrenez hurren, Kaxilda eta Ezpala guneak sortzeko. Aurten, espazio horiei eusteko ahaleginak egin dituzte gazte eragileek, baina hala ere joan den martxoaren 6an Kaxilda gaztetxea hutsarazi zuten hamaika hilabeteko jardunaren ondoren. Iazko abenduan Aiztondoko Gazte Asanbladako bi kide deitu zituzten epaiketara Zizurkilgo eraikinaren okupazioarekin lotuta. Handik hamar egunera jakinarazi zuten epaia: Kaxilda gaztetxearen berehalako hustea agindu zuen epaileak eta 1.100 euro inguruko isuna ezarri zien bi auzipetuei. Hiru hilera gauzatu zuten ebazpena gaztetxea desalojatuz.

Zizurkilgo Udalarekin negoziatu ondoren Aiztondoko Gazte Asanbladak beste gune bat lortu du Bulandegi bidean. «Jardun politikoa aurrera eramateko espazio bat da, eta ez gaztetxe edo langileen kontrolpeko gune finko bat, lokala ez baita gure beharretara egokitzen», esan dute asanbladako kideek. «Behin behineko» gunetzat daukate eta beraien beharretara egokitzen den espazio bat lortu arte «borrokan» jarraituko dute adierazi dute gazteek.

Iazko urrian aurkeztu zuten Tolosaldeko Gazte Frontea eta 2020. urte osoan hainbat lan ildo jorratu dituzte. Besteak beste, desjabetze arriskuan dauden eskualdeko bi gaztetxeen defentsa modu kolektiboan eramateko borrokaldia abiatuko zutela iragarri zuten uda hasieran eta ordutik hainbat ekimen antolatu dituzte.

Besteak beste, Ezpalaren okupazioarekin lotuta auzipetu duten gazteari elkartasuna adierazteko dinamika garatu du fronteak. Abenduaren 18an deklaratu zuen Ezpalako kideak Tolosako Justizia Jauregian eta epaileak errugabetzat jo du. «Eskualdeko eragile askorentzat erreferentziazko espazioa da Ezpala eta gure jardun politikoa, soziala eta kulturala garatzeko beharrezkoa dugu», esan dute Tolosaldeko Gazte Fronteko kideek, epaiketaren harira.

Auzibidearen atzean gaztetxea desalojatzeko arriskua ikusten dute eta horren aurrean Ezpalaren defentsan jarri dute indarra: «Espazio baten faltan aurkitu ditzakegun ezintasunei aurre egiteko elkar lanerako gonbidapena egiten diegu eragileei».

https://ataria.eus/tolosaldea/1609245364413-guneak-jardun-politikorako

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal