Gutxienez bortxaketa bat eta hamalau sexu eraso izan dira sanferminetan

Jendetza izaten ari da Iruñeko festetan, eta ohiko giro onari itzal egin diote beste behin sexu erasoek. Mugimendu Feministak salatu du, orain arte, gutxienez intentsitate baxuko 14 eraso sexista salatu direla eta uztailaren 8an emakume baten sexu indarkeria saiakera larria jasan zuela. Erasotzaileak indarkeria erabili zuen emakumearengan eta emakumeak ihes egitea lortu zuen aurre egin ziolako. Hori gutxi balitz, ostiraletik larunbaterako gauean, emakume bat bortxatu zuen gizonezko batek. Hartara, uztailaren 12an, igandearekin Gazteluko plazan iluntzeko bederatzietan elkarretaratzera dei egin dute. Emakumeok bizi ditugun egoerak salatzea izanen da xedea.
Maruxak taldeak salatu du eraso homofoboak egin dizkietela Iruñeko sanferminetan
Bestalde, dozenaka pertsona batu ziren atzo goizean Iruñeko Konpainia plazan, aurtengo sanferminetan gertatutako eraso LGTBIfoboak salatzeko. Stop LGTBIQ+fobia. Erasorik ez erantzunik gabe zioen pankarta bat zabaldu zuten plazako agertokiaren parean. Maruxak talde iruindarrak sare sozialen bidez egin zuen salaketa. Taldeak azaldu zuenez, bi gizonek eraso egin zieten taldekideei eta beste biri. "Maritxu zikinak" oihukatu zieten gaztelaniaz, eta kristalezko botilak jaurti zizkieten.







