Gutxienez hiru emakume erasotu zituzten pasaden asteburuan
Adingabe bat atxilotu dute asteburuan Iruñean, beste adingabe bati sexu eraso bat egitea egotzita. Nafarroako hiriburuko Txantrea auzoko jaietan gertatu zen, eta Foruzaingoak egilea atxilotu du. Erasotzaileak 16 urte ditu, eta biktimak, berriz, 15. Adingabeak sexu praktikak egitera behartu zuen salatzailea, haren borondatearen aurka. Atzoko 19:30ean elkarretaratzea egin zuten txosnetan, erasoa gaitzesteko.
Irunen, berriz, indarkeriazko delituengatik aurrekariak dituen 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, sexu eraso bat egitea egotzita. Gaur utzi dute epailearen esku, eta espetxera bidaltzea erabaki du hark.
Gertakaria igande goizean izan zen, 8:30 aldera, Plaiaundi parkean, biktima bere txakurrarekin paseatzen ari zela. Inor ez zegoen une batean, gizona emakumeari hurbildu zitzaion, eta lepotik gogor heldu zion, immobilizatzeko asmoz. Emakumea ihes egiten saiatu zen, baina erasotzaileak ukituak egin zizkion.
Bestalde, Ertzaintzak 52 urteko gizon bat atxilotu zuen igandean Donostian, auto baten barruan emakume bati eraso egitea egotzita. Altza auzoan izan zen erasoa, iluntzean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, eta emakumea ospitalera eraman zuten, zauriak osatzeko. Poliziak erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeriako delitua leporatuta, eta epailearen esku utzi zuen gero.