Hainbat gaztek Mungiako Errota Gaztetxea berreskuratu dute herriarentzat

Errota Gaztetxea okupatu dute berriro Mungiako gazteek. Errota gaztetxearen eraikinak udal jabetzakoa da, eta, iazko uztailetik, gazte asanbladak ezin zuen espazioa normaltasunez erabili. Uztailaren 15ean jaso zuten udalaren dei bat, Gaztetxean "ikuskapen tekniko" bat egin behar zela esanez. Udalaren arabera, inspekzioa biharamunean egitea adostu zuten “leku publiko horren erabilera pribatiboa egiten zuten pertsonekin”. Azkenean, baina gazte asanbladakoak ezin izan ziren hitzartutako orduan agertu, eta udala abisatu zuten. Hala ere, uztailaren 16an, eta gazteei ezer jakinarazi egin gabe, gaztetxera sartu ziren udaleko ordezkariak, sarrailagile baten laguntzarekin. Hori gutxi balitz, blokeo-morroilo bat jarri zuten atean.
Hurrengo egunerako egin zuten teknikariek behin-behineko txosten teknikoa, eta, besteak beste, zera zioen udalak jasotako agiriak: “Eraikinaren estalkiaren egoera txarra egiaztatzen da, eta ikusitako kalteez gain, elementu solte ugari ditu. Elementu horiek bai lursail propioaren gainera bai bide publikoaren gainera erortzeko arrisku handia dago. Beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasuna babesteko, lehen graduko esku hartzea gomendatzen da —berehalako jarduketa, 24 orduko epean—, aurreko eta alboko fatxadetan segurtasun perimetro bat mugatzeko”. Gaur egun, gazte asanbladak ezin izan du txostena ikusi. "Txostenaren esaldi batzuk irakurri zizkigun, baina ez zigun txostena eman ezta erakutsi", azaldu zuten.
Gazte asanbladak adierazi duenez, gaztetxean 11. urteurrenak “ezin zuen beste era batera” izan. Era berean, Udalak eraikina “neutralizatua” eta “abandonatua” nahi duela salatu dute: “Uztailetik egon da heziz inguratuta. Uztailetik gaude Udalaren partetik dei edo erantzun baten zain. Ez dago deirik, ez dago erantzunik, ez dago proiekturik, ez dago konponbiderik, ez dago borondaterik”. Arrazoi horiek direla eta, gazte asanbladak adierazi du Udalak berak bultzatu dituela Errota berriro okupatzera. Bide horretan, azaldu dute arazo hau konpontzeko dagoen bide erreal bakarra hartu dutela: “Eraikinek duten arazo puntualak konpondu ahal izeteko, eta gazteon beharrizanen neurriren dauen gaztetxe bat mantendu ahal izateko, hau da bide bakarra”. Auzolanean ari dira orain, gunea txukunduz eta prestatuz, asteburuan hainbat jarduera prestatu dituztelako. Izan ere, eraikinari konponbidea eman arte, dagozkion segurtasun neurriak hartuko dituzte, gaztetxea heziz inguratuta baina zabalik mantenduz.







