lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/07/2026

Hendaiako atxikitze zentroaren bideo-entzunaldietarako areto berriaren aurka batu ziren larunbatean

La Haine - Euskal Herria
Bideo konferentzia horiek sistematizatzeak erbesteratuen eskubideak urratzen dituela salatu dute.

Hendaian ireki berri duten atxikitze zentroko justizia eraikin erantsiak bideo bidezko audientziak sistematikoki egiteko aukera emango du. Hainbat elkarte eta eragilek salatu dute neurri horrek exiliatuen eta, oro har, justiziaren esku dauden pertsona guztien oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen dituela. Epaiketak polizia etxearen barruan egingo dira, atxikitze zentroa bertan dagoelako. Berrikuntza horren helburua Hendaiatik Baionarako bidaiarako polizia eskolta kostua apaltzea da. 

JARDUN Koordinadorak salatu zuen Hendaiako Atxikitze Zentro Administratiboan (CRA) egiten ari diren handitze-lanek "zentroaren gaitasun errepresiboa handitzea" dutela helburu. Koordinadoraren arabera, Frantziako Estatuak 1,3 milioi euro bideratu ditu azpiegitura berrira, eta horren bidez "errefuxiatuen aurkako jazarpen administratiboa bideo-epaiketen bidez automatizatuko" da.

Komunikatu baten bidez adierazi zuenez, neurri hori Frantziako Estatuaren migrazio-politiken gogortzearen baitan kokatzen da, eta "langileriaren sektore zaurgarrienen deshumanizazioa eta isolamendua" sustatzen dituela adierazi zuen. Era berean, salatu zuen muga-politikek "Euskal Herri Langilearen batasuna oztopatzeko" balio dutela.

JARDUNen arabera, bideo-epaiketek errefuxiatuei "defentsarako aukerak ukatzen" dizkiete, eta, ondorioz, "jada justiziarik ez dutenek, are injustizia gehiago jasango dute". Horregatik, tresna hori "langileriaren babesgabetasunean eta errepresioan beste pauso bat" dela adierazi zuten.

Komunikatua amaitzeko, koordinadorak dei egin zuen "etorkinen aurkako tresna honen aurka guardinak antolatzen" jarraitzera, eta ohartarazi zuen, Euskal Herriko langileek "aurrerakari honen kontra egiten ez badute, tresna honen zabalkundeari bidea irekiko" diotela.

Beste hainbat eragilek ere salaketarekin bat egin dute. Hain zuzen ere, Etorkinekin-Diakitek, SAFek, Enbata Gaztetxeak, Irungo Harrera Sareak, LABek, JARDUNEek eta Ade Pauk elkarretaratzea deitu zuten larunbatean (hilak 4), 11:00etan. Justiziaren eraikina baino gehiago, "Poliziaren luzapen bat" dela salatu zuten. Ehun bat herritar bildu ziren eraikin horren aurrean antolatutako elkarretaratzean.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal