Herrien frantsesezko izendapen panelak ezabatu ditu U14 kolektiboak


Ipar Euskal Herriko hainbat herriren sartzean, frantsesezko izenak dituzten panelak espraiarekin tapatuak dira uztailaren 10arekin abiatu den aste hastapenetik. Egiletza aitortu du U14 kolektiboak, uztailaren 14ko frantziar besta nazionalean manifestatzeko deia egitearekin batera.
Joan den urteko udan euskarazko panelak frantsezkoen gainetik ikusi ahal izan zituzten herritarrek, Herribiltzaren deiari jarraiki, euskara lehenesteko ekintza sinboliko hau gauzatu baitzuten. Oraingoan, uztailaren 10arekin abiatu den astean Ipar Euskal Herriko hainbat herrien frantsesezko izendapena ezabatua agertu da, spray beltz zein gorriaren bidez. U14 kolektiboak sare sozialetan hedaturiko bideo baten bidez jakinarazi du uztailaren 11n bera dela egilea.
Hain zuzen, «asimilazioaren aitzinean antolatzeko» deiari erantzunen lioke ekintzak, frantziar Estatuaren besta nazionala ospatuko den astean. Arrangoitze, Hendaia, Hazparne, Arbona, Aiherra, Senpere, Ezpeleta, Lekuine, Donibane Lohizune, Luhuso... ainitz dira une honetan soilik euskarazko izendapena duten herriak, hauen sartzeetako paneletan behintzat.
Aitzineko egunetan «independentzia eta sozialismoa» aldarrikatzen dituen murala osatu zuten ere. Euskal nazioaren defentsan ari den gazte kolektiboak aldarri bera eramanen du Donibane Lohizuneko karriketan gaindi uztailaren 14ko egunean. Hirugarren urte kontsekutiboz, besta eguna baino, Euskal Herrian «borroka eguna» dela azaldu nahi dute, 18:00etan Didier Lafitte plazatik abiatuko den manifestazioaren bidez. «Frantziar zein espainiar estatu zapaltzaileen aitzinean, borrokaz aska dezagun herria» deia luzatu diete herritarrei.