lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/01/2014

Hilaren 31n herriak hartuko du epaiketen aurreko Azken Hitza

Libre.epaiketarikez.org
Urriaren erdialdean abiatu zen gazteon kontrako epaiketa Entzutegi Nazionalean
Urriaren erdialdean abiatu zen gazteon kontrako epaiketa Entzutegi Nazionalean. Horrela adierazi genuen 35/02 auzikoekin batera emandako prentsaurre batean, izan ere, bi makroepaiketak aste berean hastear ziren. Ia 4 hilabete beranduago, gazteon kontrako epaiketa amaitzear da eta azken txanpa honetan berriro zuzendu nahi izan dugu zuengana, herritarrongana. Atzera begirada bat botata, balorazio txiki bat egin eta zuekin konpartitzeko momentua da. Hasi ziren Libre Egunak herrietan; manifestazio jendetsua Bilbon; ekimen ezberdinak auzoetan; epaiketak jokoz kanpo zeudela zioten ahots eta adierazpenak nonahi; gure kideen ekimen desobedienteak; baita jendez osatutako harresiak ere gure herritarrak atxilotuta eraman ez zitzaten… Eta testuinguru honetan, geu auzipetuok ere saiatu gara gure ekarpentxoa egiten: Zenbat eztabaida sor dezaketen epaileen aurrean puztutako puxika laranjek edo torturaren gaiarekin epaitegian egindako plantoak… Ez da gutxi orain arte egindakoa, are gutxiago lortutakoa. Bi makroepaiketa hauek normaltasun eta isiltasun osoz garatuko ziren, aipatutako dinamika hauek egin izan ez balira. Euskal Herria aireztatu duen giro laranjak, epaiketen zentzugabekeria eta anakronismoa eztabaidaren erdigunean kokatzea lortu du momentu batez. Gaur, duela hilabete batzuk baino handiagoa da epaiketen kontra dauden herritarren multzoa eta gero eta zailagoa epaiketak egitearen aldeko posizioa. Horregatik, zorionak denoi! Baina zoritxarrez, epaiketek aurrera jarraitzen dute eta ehunka batzuk gara epaituak eta espetxeratuak izateko arriskuan gauden herritarrak. Gure epaiketak iraun duen bitartean, beste hainbat epaiketa ere izan dira Audientzi Nazionalean eta datozen hilabeteetan ere berrehundik gora herritar izan daitezke epaituak eta espetxeratuak. Horregatik hain zuzen ere, zuzendu gara gaur berriro zuengana. Aurrerantzean pausu berriak emateko deia luzatzera. Gatazkatik konponbidera zubia igarotzeko garaia da. Eta zubi hori denon artean eraiki nahi dugu ahalik eta zabalena eta sendoena izateko. Herri honentzako konponbidea desio duen orok du bere harria jartzeko aukera. Eta hortxe dago gure erronka: Auzipetuok azken aste eta hilabeteotan Euskal Herriko esparru ezberdinetako aurpegi ezagun batzuekin bildu gara. Herri askotan ere, harreman dinamika zabala burutu dute. Eta harreman hauetatik baieztatu dugu, konponbidea lortze bidean epaiketa hauek gainditu beharra uste baino iritzi zabalagoa dela. Horregatik, epaiketa amaieran auzipetuek izan ohi duten Azken Hitza edo Alegatoa herriari ematea pentsatu dugu. Jokoan dagoena gu auzipetuon etorkizuna baino askoz gehiago da. Jokoan dagoena Entzutegi Nazionaleko 4 hormen artean esateko baino garrantzitsuagoa da. Jokoan dagoena, herri honen geroa da. Horregatik hilaren 31n herriari eman nahi diogu hitza. Aurreratu ditzakegu Azken Hitza edo Alegatoa publiko egingo duten izen batzuk. Esaterako, Jose Luis Korta, Toti Martinez, Alex Txikon, Jesus Egiguren, Txema Montero, Ainhoa Aznarez edo Miren Amuriza besteak beste. Beste hainbat izen ezagun ere, 31n bertan ikusiko ditugu. Baina zu zeu, herriko zapatari, ileapaintzaile, ikasle, etxelangile zein jubilatu, behar beharrezkoa zara zubia eraikitzeko. Jarri zuk ere zure harria. 31n egin bat epaiketen kontrako Alegatoarekin eta parte hartu herrietan antolatuko diren ekimenetan. Horretaz gain, deia luzatu nahi dizuegu pertsonai ezagun hauek Alegatoa publiko egin ostean, lau haizetara zabaltzen lagun dezazuen. Zuen ikastetxera, sare sozialetara, herriko elkartera, tabernara, lantegira… Heldu dadila gure Azken Hitza herriko txoko guztietaraino. Amaitzeko, etapa baten bukaera eta beste baten hasiera izango da Urtarrilaren 31. Oraindik zubiaren lehen eskailerak soilik eraiki ditugu. Beharbada, zubiaren zutoinak ere jartzen hasiak gara. Baina zubi osoa eraikitzeko, momentuz harri dexente falta dira. Ekin diezaiogun bada lanari, esku asko dira eta harri horiek mugitzeko prestutasuna dutenak. Lanean hasteko, tirakadatxo bat besterik ez zaie falta. Animo, beraz, egin tira albokoari eta 31n elkartuko gara.
 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal