Hilario Urbizu San Roman euskal iheslari politikoa Mexikon zendu egin da
Ihesean zegoen 80eko hamarkadaz geroztik.
76 urterekin zendu da, Mexikon, Hilario Urbizu San Roman Olaztiko iheslaria. Ihesean zegoen 80eko hamarkadaz geroztik, eta Euskal Herritik kanpo eman dituen urteetan egoera desberdinak bizi izan ditu, tartean espetxea.
Urbizu San Romanek Euskal Herritik ihes egin zuen 1975. urtean. Garai hartan indar errepresiboek bere bila zebiltzan, espainiar estatuko justiziak hainbat guardia zibil exekutatu eta lehergailu kargamentu bat lapurtzea leporatzen baitzion. 1980an heldu zen Mexikora. Hogeita bost urte geroago, 2015ean, atxilotu zuten. Hura atxilotzeko nazioarteko agindua emana zuen Espainiak Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. epaitegiak. Urbizu Mexikon espetxeratu zuten, epaileak Espainiaren estradizio eskaera aztertzen zuen bitartean. Reclusorio Oriente izeneko espetxean kartzelaratu zuten hasieran, eta gero Torre Médico de Tepepan erietxera lekualdatu zuten, jada jasaten zuen minbiziaz artatu ahal izateko. Azkenean aske geratu zen berriz, estradizio eskaera ukatuta.
JARDUN koordinadorak azaldu duenez, Euskal Herriaren "askapen sozial eta nazionalaren alde borrokatzeagatik" erbestean egon behar izan du Hilariok. Era berean, salatu du ezin izan duela etxera itzuli atxilotze aginduaren ondorioz, eta "bake-prozesu faltsuaren" aurka egin du.







