lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 07/05/2024

Ikertuak izatetik auzipetuak izatera igaro dira Yakovlev 42 musika-taldeko kideak

Erik Gartzia
Donostiako Instrukzio Epaitegira joan behar izan zuten astelehenean deklaratzera eta jakinarazi dutenez, epaileak esan zien auzibidea aurrera doala.

Herritar talde batek deituta, elkarretaratzea egin zuten astelehenean Oiartzungo Done Eztebe plazan, Yakovlev 42 musika taldeari elkartasuna adierazteko helburuarekin. Adierazpen askatasunaren kontrako “eraso gogorra” salatu zuten. Izan ere, musika taldeko sei kide auzipetua daude, Guardia Zibilak gorroto delituagatik salatuta.

Elkarretaratzea bukatu zenean deitzaileetako kide batek hartu zuen hitza. “Beste behin ere”, esan zien plazan bildutako hamarnaka lagunei, “argi ikusi dugu errepresio indarrek ez diela atsedenik ematen herri honetako zein estatuko talde eta eragileei. Horregatik, garbi dugu horrelako erasoei erantzuna emateko garaian guk ez dugula atsedenik hartuko. Adierazpen askatasunaren kontrako erasorik ez”.

“Jaso dugun babesa izugarria izan da”

Yakovlev 42 taldeko kideak elkarretaratzean izan ziren, eta eurek ere hitza hartu zuten. Astelehenean epailearen aurretik pasatu behar izan zuten, eta arratsaldeko mobilizazioan egin zuten orain arte gertatutakoaren balorazio azkarra.

Lehenik eta behin, eskerrak eman zizkieten babesa helarazi dieten pertsona eta eragile guztiei, Euskal Herrikoak zein kanpokoak izan. “Izugarria izan da jaso dugun babesa, baita guk bezala pentsatzen ez dutenengatik ere”, esan zuten.

Jarraitu zutenez, Donostiako Instrukzio Epaitegira “behartuta” joan dira deklaratzera, antolatutako “zirkuan” parte hartzera. “Deklaraziorik egin gabe ere, bazekiten zer gertatuko zen, eta guk, tamalez, ere bai”. Jakinarazi dutenez, epaileak esan die auzibidea aurrera doala —orain ikertu izatetik auzipetu izatera pasatu dira—, “nahiz eta badakiten deliturik ez dagoela”.

Taldekoek salatu dutenez, “gutxiengo baten parte” diren zein zaurgarri diren pertsonak babesteko legea —gorroto delituaren tipifikazioa— “polizia, armada, erlijioa, enpresari zein Espainiako Estatua” defendatzeko baliatu dute. “Tamalez, Euskal Herrian badakigu nola funtzionatzen duen honek, eta badakigu Zigor Kodea batzuek bakarrik zigortzeko balio duela. Borroka egitera behartu gaituzte, eta borrokatuko gara”, iragarri zuten.

Herritarrek uste baino “askatasun gutxiago” dituztela ohartarazi dute “kapitalismoak bultzatutako zibilizazio-krisiaren” testuinguruan. “Eskubidea edo askatasuna dugu soilik haiek nahi dutena erosteko, ikusteko, jateko edota abesteko. Disidentea zarenean, eta haien kontrako diskurtsoa duzunean, hor ez dago askatasunik”. Horregatik, musika taldeko kideentzako garrantzitsuak dira kalean salaketak egitea, edo ikastetxeetan pentsamendu kritikoa sustatzea. Ez hori bakarrik: “Garrantzitsua da herrietan militatzea, eta zuzentasunarengatik aldentzen den kultura sortzea”.

“Sistemak ezarritako bideari” alternatibak eraikitzea aldarrikatu dute. Streetpunk talde bat izanik, gisako beste talde baten —The Last Strength— hitzak erabili dituzte mobilizazioarekin bukatzeko: “Anaien arteko borroka, herriaren porrota da. Faxismoaren aurka, elkartasuna beti”.

Yakovlev 42: "Borroka egitera behartu gaituzte, eta borrokatuko gara" : Oarsoaldeko Hitza

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal