lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 29/05/2026

Iñigo Cabacasen plaka, Kirruliren oroigarria eta Herriko taberna erasotu dute Bilbon

La Haine - Euskal Herria
Kirruli Tabernako kristala hautsi, Iñigo Cabacasen loreak lapurtu eta loreontzia apurtu dute, eta Joseba Asensio ‘Kirruli’ eusko gudariaren oroigarria margotu dute.

Eraso faxista baten berri eman dute Euskal Herrian, oraingoan, Bilbon (Bizkaia). 23:00etan itxi zuten atzo Bilboko Indautxu auzoko Kirruli herriko taberna, baina goizaldean deus ez zegoen utzitako moduan: kristaletako bat hautsita zegoen, eta mezu faxistak zeuden horman idatzita. Besteak beste, “Cabacas jodete” edo “Viva Franco” mezuak idatzi dituzte Herriko Tabernaren pertsianan. Horretaz gain, Iñigo Cabacas plazan beste eraso batzuk izan dira: Iñigo Cabacasen loreak lapurtu eta loreontzia apurtu dute, eta Joseba Asensio ‘Kirruli’ eusko gudariaren oroigarria margotu dute.

2012ko apirilaren 5an, Athleticek jokatutako partida baten ostean Indautxuko herriko tabernaren inguruan bildu ziren zaleen aurka kargatu zuen Ertzaintzak. Istilurik egon ez arren ertzainei “zeukaten guztiarekin sartzeko” agindu zien arduradunak. Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas gaztea larri zauritu zuen eta handik lau egunera hil zen Basauriko gaztea, Basurtuko erietxean (Bilbo).

1986ko ekainaren 8an Herrera de la Manchako bere ziegan hilik aurkitu zuten Asensio, Kirruli gisa ezaguna, espetxeko zuzendaritzak adierazitakoaren aurka, tratatu gabeko tuberkulosi infekzio baten ondorioz. Kartzelaren arduradunek bihotzeko bati egotzi zioten heriotza, tratatu gabeko eta osasun eta higiene baldintzak bermatzen ez diren lekuetan garatzen den gaixotasunaren arrazoia ezkutatuz. Ekainaren 10ean, Joseba Asensio etakidearen hilkutxa zeramaten lagunen aurka gogor kargatu zuen Espainiako Poliziak Bilbon. Poliziak, 3.000 lagun bildu zituen agur ekitaldiaren aurka gogor jo zuen kolpeka, baita benetako munizioa erabiliz ere, gorpuaz jabetzea lortu zuten arte.

Iñigo Cabacas Herri Harmailak irmoki gaitzetsi du erasoa, eta Bilbo “eraso faxistarik gabeko” hiria izatea aldarrikatu: “Aurrean izango gaituzue. Faxismoari sua!”. Bestalde, Kirruli Kultur Elkarteak bart gauean pairatutako eraso faxistak salatzeko kontzentrazioa egingo du Iñigo Cabacas Plazan, arratsaldeko 20.00etan.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal