Ipar Euskal Herriko ikasleen %67,6k ez du harremanik euskararekin

Txikienak dira euskaraz gehien ikasten dutenak, eta adinean aurrera egin ahala euskara urritu egiten da kolegioan eta lizeoan. Seaskako ikastetxeak dira nagusi euskarazko irakaskuntzan eta azken hamarkadetan proiektua sendotu egin da: Lehen Mailako 33 ikastola, bost kolegio eta lizeo bat ditu, eta guztira 4.263 ikasle ari dira horietan, Ekhi Erremundegi kazetariak Berria-n argitaratu duenez.
Ipar Euskal Herriko beste bi hezkuntza sareak publikoa eta katoliko pribatua dira. Publikoan 9.402 (%18,45) ikasle ari dira sail elebidunean, baina gora egin ahala, euskarazko eskaintza urritu egiten da. Aipatu behar da, halaber, EEP Euskararen Erakunde Publikoa 2024an sortu zenetik indar berezia jarri duela euskarazko irakaskuntzan eta horrek bere emaitza onak izan dituela.
Esate baterako, azken hogei urteetan hezkuntza publikoan aurrerakada handia emanda ama eskoletan eta 3 eta 5 urteko gela askotan euskarazko murgiltze ereduan edo elebidunean hasten da ia haurren erdia. Hori bai, oraindik ere, gora egin ahala kopuruak urritu egiten dira. Guztira, 1.784 ikasle ari dira sare publiko eta pribatuan guztiz euskaraz; eta 1.058k ikasgai gisa aukeratu dute euskara.
EEPk 2050erako Ipar Euskal Herrian herritarren %30a euskaldun izatea finkatu du helburu gisa, baina helburu horiek lortzeko irakaskuntzan askoz ikasle gehiagok ikasi beharko luke euskaraz, hasi ama eskolatik eta lizeoraino. Helburu hori betetzeko, ama eskola euskarazko irakaskuntzan hasten dutenak %70 izan beharko lirateke 2037an; eta kolegioetako ikasleen %60k euskaraz ikasi beharko luke hogei urte geroago %80ra heltzeko.
argia.eus







