Iratxe Sorarzabal euskal preso politikoa berriz ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nagusiak
Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAk exekutatutako Montxo Doral ertzainaren kasua ireki du berriro, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Ekintza 1996an izan zen, Irunen, eta, Ertzaintzak igorritako atestatu osatuari esker ireki du berriro Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2. Epaitegi Zentralak 13/96 sumarioa.
Orain dela 26 urte irekitako atestatuak Iratxe Sorzabali, Xabi Irastorzari, Iñaki Telletxeari, Markos Sagarzazuri, Ainhoa Adini eta Asier Oiartzabali leporatzen die ekintza. Gertakariak gertatu eta sei urtera, 2002ko apirilaren 29an, Frantziako Poliziak ustezko ETAren barneko agiri bat aurkitu zuen Castresko zulo batean. Castresen aurkitutako agiri horretan, Iratxe Sorzabalek, hauxe utzi omen zuen idatzita poliziaren bertsioaren arabera: "Martxoan lapa bat jarri genuen Montxo Doral zipaioaren autoaren azpian. Lapa ez genuen guk egin, eginda iritsi zen. Markos eta Xabi".
Iratxe Sorzabalek ukatu egin zituen hitz horiek egoitza judizialean, Guardia Zibilaren torturapean egindako adierazpenak izan zirela argudiatuta. Orain, atentatu hura gertatu zenetik 26 urte igaro direnean, Espainako Auzitegi Nazionalak oraintsu kaleratutako epai batean frogatutzat eman du dokumentu horiek funtsezko froga-balioa dutela justiziarentzat, "naturaltasunez, askatasunez eta borondatez egindako adierazpenak" direlako. Epai horretan oinarrituta, Ertzaintzak duela 26 urte irekitako atestatua osatu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi du, atentatua Ibarla Komandoari egotzita.