Iruñeko espetxean, presoak pilatuta dauzkate eta gabeziak daude elikaduran eta higienean


Iruñeko makroespetxea 2012an zabaldu zuten. Ordutik ez da azterketarik egin haren funtzionamenduaren inguruan. Salhaketak egin du berriki azterlana, eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztu. ‘Nafarroako espetxe egoeraren mapatzea’ izeneko txostena da aurkeztu duena’.
Txostenean jaso dituzten ondorio nagusiak dira presoak pilatuta dauzkatela, eta gabeziak daudela elikaduran eta higienean. Horixe helarazi diote Foru Gobernuari Nafarroako Parlamentuan. 2012an makrokartzela zabaldu zutenetik Iruñean preso direnen egoerak ez du hobera egin. Kontrara, okerrera egin du. Zenbait presok salatu dute tratu umiliagarria eman dietela eta batzuetan baita jipoiak ere, eta gainera, “gabeziak” daudela salatu dute espazio fisikoari, elikadurari eta higieneari dagokionez.
Salhaketak iritzio dio makrokartzelen eredua ez dela onuragarria presoentzat. "2012an kartzela zabaldu zenetik, izugarri igo baita preso kopurua Iruñean". Espetxe handien eredua gizarteratzean oztopo dela ohartarazi dute eta eremu handia hutsik duten arren, presoak pilatuta dauzkatela.
2024ko abenduko datuen arabera, 414 pertsona daude gaur egun Iruñeko espetxean preso. Horietatik %94,4 gizonak dira, eta %5,6 emakumezkoak. Gehienak, hamarretik zazpi, (%74,4) bigarren graduan daude, eta beraz, ezin dira atera kartzelaren eremutik. Presoen %17,19 ordea, hirugarren graduan edo erregimen irekian daude; espetxean soilik lo egiten dute, alegia. Horren alde egin du Salhaketak parlamentuan, "presoen gizarteratzea eta ongizatea bermatzeko" erregimen irekiaren ehunekoak handiagoa izan beharko lukeela uste du.
Txostenak ahuleziak agerian utzi baditu ere, positiboki nabarmendu du Salhaketkak osasun mentalari eskainitako arreta. Nafarroako Gobernuak espetxe osasunaren eskuduntza bere gain hartu zuenetik, “hobera egin du nabarmen”.