lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 10/04/2026

Iruñeko Udalak(EH Bildu) 500 erroldatze-eskaera baino gehiago ukatu die migratzaile etxegabeei

La Haine - Euskal Herria
Negu Gorriak plataformaren ustez, erroldatze soziala ukatzea erabaki politikoa da: "Ez zaie erroldatze soziala aplikatu nahi jatorri eta egoera jakin bateko pertsonei. Horrek badu izen bat".

Negu Gorriak plataformak Iruñeko Udalak Kondestablearen jauregian duen erroldatze bulegoa hartu zuen atzo. Plataformako kideak 30 bat pertsonaren errolda agiria tramitatzen saiatu ziren, baina udalak ezezkoa eman zien. Ekintzarekin bat egin zuten Matalaz, Katakrak eta Bakearen Etxea elkarteek, baita CGT eta Steilas sindikatuek ere.

Plataformako kideen arabera, administrazioak legez behartuta daude erroldatze soziala egitera. Haien hitzetan, "udal errolda ez da pribilegio bat, legez aitortutako eskubidea baizik". Gogorarazi dute Nafarroako Administrazio Auzitegiak legez kanpokotzat jo dituela udalaren blokeo praktikak, baina, diotenez, udalak ez dio epaiari kasurik egin.

Negu Gorriak plataformak salatu du Iruñeko Udalak etxegabe migratzaileak erroldatzeko prozedura sistematikoki atzeratu eta oztopatzen duela. Datuen arabera, maiatzaren 30etik urtarrilaren 26ra bitartean erregistratutako 562 eskaeretan, udalak erantzuteko epea hiru hilabetetik seira luzatu zuen. Otsailean, bestalde, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin zuen bi etxegaberi errolda agiria ukatzeko udalaren erabakia. Plataformak azpimarratu du ebazpen horrek ez duela ekarri zigorrik edo kalte-ordainik udalarentzat, eta horrek praktika horiek mantentzea erraztu duela.

Plataformaren arabera, erroldatzea funtsezkoa da oinarrizko eskubide sozialak eskuratzeko: osasun zerbitzuetara jotzeko, alokairu kontratuak formalizatzeko, laguntza sozialak eskatzeko edo lana lortzeko, besteak beste. Errolda agiriak pertsona bat udalerri batean bizi dela egiaztatzen du, baina etxegabeek ezin dute helbide zehatzik eman; horregatik dago aurreikusita erroldatze soziala.

Negu Gorriak plataformak nabarmendu du beste udal batzuetan jada aplikatzen dela neurri hori. Bilboko Udalean, EAJren agintaldian, urteak daramatzate migratzaileak eta etxerik gabeko pertsonak udal eraikinetan erroldatzen. "Nola da posible Iruñeko Udala, gobernu aurrerakoia izan arren, kosturik ez duen neurri honekin konprometitzeko gai ez izatea?", galdetu dute. Plataformaren ustez, erroldatze soziala ukatzea erabaki politikoa da: "Arazoa ez da juridikoa; borondate falta da. Ez zaie erroldatze soziala aplikatu nahi jatorri eta egoera jakin bateko pertsonei. Horrek badu izen bat".

(Irudia:Ahotsa)

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal