Iruñerriko hamasei pertsona deklaratzera deitu dituzte, VOXen aurkako protestengatik

VOXek Iruñerriko hainbat herritan jarritako mahai informatiboen aurkako protestak ikertzen ari den epaitegiak 16 pertsona deklaratzera deitu ditu hurrengo astelehenean, eta protesta antifaxista horietako irudietan agertzen diren beste zazpi identifikatzea ere agindu du. Pasa den urteko otsailean, VOX alderdi ultraeskuindarrak bi karpa informatibo jarri zituen Arrotxapean eta Berriozarren. Hainbat euskal herritarrar hurbildu ziren faxisten presentziagatik protesta egitera, eta Arrotxapean Espainiako polizia eta Berriozarren Foruzaingoa agertu zirenean, protesta egiten ari zirenen aurka kargatu zuten. Kargetan gutxienez hamasei pertsona zauritu zituzten indar errepresiboek. Noainen ere protesta antifaxista bat izan zen, baina honetan ez zen poliziaren kargarik izan.
Ekainean, bi pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñerrian, Berriozarren eta Iruñeko Alde Zaharrean hain zuzen ere. Otsailean VOX alderdi faxistaren presentzia salatzeko izan ziren protesten harira atxilotu zituzten. Hasiera batean, ustezko gorroto delitu batengatik hasi ziren eginbideak, eta ondoren, desordena publikoak, autoritatearen kontrako atentatua eta mehatxu akusazioak egin zituzten.
Geroago, VOX agertu zen prozeduran, eta biktima gisa ez ziotela akziorik eskaini argudiatu zuen. Dagokion Zigor Atalak (1. zenbakia) alderdi ultraeskuindarraren argudioa onartu eta egindako jarduerak bertan behera utzi zituen. Ondorioz, auzia bere hasierara itzuli zen. Honen ondoriorik nabarmenena da gertaera horiengatik ikertzen diren pertsona kopurua haunditu egin dela, bi izatetik 25 izatera pasa baitira.







