Isolamenduan jarraitzen du Oskar Barreras euskal preso politikoak

Oskar Barreras euskal preso politikoa Basauriko espetxeko isolamendu modulura eraman zuten maiatzaren 7an, ziega partekatzeari uko egiteagatik. Ezarri dioten isolamenduak komunikazio eta patio grebara eraman du, eskubide horren errespetua eskatzeko. Espainiar estatuaren espetxe legediak berak ere argi dio preso bakoitzak ziegan bakarrik egoteko eskubidea duela, baina zoritxarrez, espetxeetan presoen eskubideak maiz urratzen direnez, greba mota hori nahiko ohikoa da. Bestalde, bere senitarteko bat hedabide honekin harremanetan jarri da kezka agertzeko, izan ere, familiak ez du bere berririk izan azken egunetan.
Euskal preso politikoak 29 urte eman ditu espetxean, eta datorren urtean aterako da aske, ezarritako zigorra osorik bete ondoren. Azken urteotan, hirutan ezarri diote isolamendu-erregimena: 2025ko martxoan, adibidez, kartzelazain batekin izandako ustezko eztabaida hartu zuten aitzakiatzat bera bakartzeko. Berez zabalik egon beharko lukeen ate bat itxita zegoela esan zion Barrerasek funtzionarioari, eta horregatik zigortu zuten. Hainbat pertsona salatu dutenez, azkenaldian Basauriko espetxeko baldintzak negargarriak dira, preso gehiegi dago eta jipoiak ere areagotu egin dira.







