Israel Premier Tech: izena, nortasuna eta jabea atzean uztera behartua


Israel Premier Tech txirrindularitza taldeak astelehenean komunikatu bidez jakinarazi du erabakia: datorren denboraldirako izena eta taldearen irudia aldatuko du, “taldearen etorkizuna bermatzeko pausu ezinbestekoan”. Azkenaldian, batez ere Espainiako Vueltan, izandako protestek bultzatuta, izen eta nortasun israeldarra atzean uztera behartua ikusi du bere burua talde israeldarrak. Gainera, proiektu sionistaren buru zen Sylvan Adamsek, Netanyahuren oso hurbilekoa, ere proiektua utzi du Israelgo Munduko Kongresu Juduko presidente izaten jarraitzeko. Orain arte zuen eguneroko partaidetzatik alboratu da eta “jada ez du taldearen izenean hitz egingo”.
Proiektu sionistaren irudia garbitzeko sortutako sportwashing ekimenari egoerak eztanda egin dio. Izan ere, lasterketek ez dute euren presentziarik nahi eta babesletzek ihes egiteko mehatxu egiten dute –txirrindularitza profesionalean bizirauteko ezinbestekoak direnak–. Factor-ek, taldeko materialaren hornitzaileak, eskatu zion Israel izena kentzeko eta bandera aldatzeko, proiektuan jarraitzea nahi bazuten. Eskakizunak onartzea beste aukerarik ez dute izan, datorren urriaren 15ean amaitzen baita UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunari 2026 denboraldian lehiatzeko dokumentazioa aurkezteko epea.
Hasiera batean Adams aurka bazegoen ere, taldearen jabeek eta zuzendaritzak "aldaketaren beharra" onartu dute. Dagoeneko Espainiako Vueltan ezabatu zuten izena eta bandera, presiopean. Komunikatuan aipatzen dute txirrindularitza taldea "kirol-proiektu bat dela, beti izan den moduan". Hala ere, aldaketek iradokitzen dute baieztapenak sinesgarritasun eskasa duela.
Israel Premier Tech: izena, nortasuna eta jabea atzean uztera behartua