Israelek eta AEBek Iranen aurka egindako erasoa salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte HEH

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. "Iranen aurkako eraso inperialista salatzeko eta AEBen zein Israelen aurkako erresistentziari babesa adierazteko" elkartu dira.
Plataformak "AEBen eta Israelen estrategia inperialistari erantzuten dion gerra berri hau" salatu du, Mendebaldeko Asia "euren interesen pean kontrolatu nahi duena", eta Israel "eskualdearen jabe" gisa uzteko helburua duena, haren hegemonia zalantzan jarriko duen inor gabe. "Modu horretan, Israelek bere proiektu koloniala bururaino eraman dezake, inolako aurkaririk gabe”, adierazi du.
"Horretarako, Iran ahuldu edo garaitzea ezinbesteko baldintza da haientzat, interes inperialista estatubatuar eta israeldarrei aurre egiten dien agente indartsuena baita”, gaineratu du. Horren aurrean, Iranek “erasoaldi defentsiboak” egin dituela nabarmendu du, Israelen eta AEBen azpiegitura militarren aurka. Bukatzeko, plataformak "irmo" gaitzetsi du "eraso inperialista berri hau", eta AEBren eta Israelen aurkako erresistentziari babesa emateko deia egin du.







