Israeli boikota egitea exijitzeko ehundaka herritar mobilizatu dira Gernikan
Palestinarekin Elkartasunak Lointek Gernika eta Elitzur Ramlaren aurkako partidua lekualdatzea azken hilabeteko "antolakuntzaren fruitu" dela adierazi du, lehia tokiz aldatzea "konponbidetzat jo ez arren".
Palestinarekin Elkartasuna eragile taldeak manifestazio jendetsua egin du gaur [azaroak 22], Lointek Gernika Bizkaiaren eta Elitzur Ramlaren arteko Eurocup Womeneko partiduek sortutako zurrunbiloaren inguruan. Gernika-Lumoko kaleetan elkartu diren ehunka herritarrek argi eta garbi mahaiganeratu dute europar lehiaketako partiduak Sofiara (Bulgaria) lekualdatzea azken hilabetean zehar eginiko “mobilizazio, behar eta borrokaren” ondorio dela, elkartasun deialdi horrek “fruitua” eman duela gehituta. Hori bai, neurketak tokiz aldatzea ez dute ezelan ere konponbidetzat jo: “Lekualdaketak FIBAren trikimailua besterik ez du ezkutatzen, partiduak normaltasun osoz joka daitezen eta haien aurkako mobilizazioa apaldu dadin”.
Hoi horrela, argitu dute talde israeldarrek “kirol txapelketa guztietatik kanpo” egon beharko luketela. Horixe izan da mobilizazio lanari ekin ziotenetik aireratu izan duten mezua, eta mezu horrek eragin argi askoa eduki du herri mailan: “Eskerrik asko aste honetan zehar zuon borondatea, denbora eta dedikazioa ipini duzuenei; izan komertzioz komertzio lanean, izan atxikimenduak jasotzen, borrokara bildu zareten guztioi. Zuek egin duzue hau posible“.
Gernika-Lumon jazotakoa Euskal Herrian hautsak harrotu dituen sionismoaren aurkako eta palestinar erresistentziaren aldeko mugimenduaren lagin bat baino ez da: “Euskal Herrian, palestinar erresistentziaren aldeko ahotsa da nagusi, baina Palestinak setiatuta jarraitzen du. Alde horretatik, beharrezkoa da Israelgo estatu terroristaren aurkako indarra konpromiso bihurtzea, estatu kriminal, kolonial eta supremazista horren konplize direnak seinalatzea eta harekiko hartu-eman oro apurtzea“.
Adierazi dutenaren arabera, borrokarako deialdiaren ernamuina hilaren 25eko eta 27ko norgehiagokak Malosten bertan geldiaraztea izan zen; hazi hartatik kimutu zen “indar mobilizatorio” baten antolakuntza. Gerora, baina, denetariko kontzientziazio beharrak eroan dituzte aurrera: “Asanblada irekiak antolatzea, kaleak aldarriz betetzea, herritarrak informatzea, mobilizazioak atontzea, eta abar. Herriko hainbat sektoretako jendea elkartu gara, partidu horiekiko aurkakotasuna agertu asmoz: norbanakoak, eragile politikoak, kirol taldeak, komertzioak nahiz hezkuntza zentroak”.
Eta borroka ez da inondik inora bukatu. Izan ere, irmoki salatu dute sionismoaren eta haregaz harremana dutenen jarrera, eta antolakuntzagaz aurrera segitzeko hautua berretsi dute: “Segitu dezagun borrokan, Israelen aurkako boikota antolatzen, palestinar erresistentzia babesten; asko dago jokoan”.
Egindakoa omentzeko, egiteko dagoena antolatzeko - Busturialdeko Hitza : Busturialdeko Hitza







