lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/04/2026

JARDUN koordinadorak Aberri Eguna ospatu du Gernikan

La Haine - Euskal Herria
Bide iraultzailea aldarrikatu du koordinadorak, "Euskal Herri Langilearen mesedepeko alternatibak eraikiz eta zapaltzen gaituztenen aurka konfrontatuz".

JARDUN koordinadora osatzen duten eragile desberdinek manifestazioa deitua zeukaten atzo Gernikan, aurtengo Aberri Eguna ospatzeko. Eta beste behin ere, Bizkaiko udalerrira gerturatutakoek independentzia eta sozialismoaren aldarria ozen eta irmo entzunarazi dute. Inongo ezuste edo arazorik gertatu barik igaro da eguna, hala ere, ASKE antolakundeak salatu du Nafarroatik zetorren autobusa gelditu dutela, eta bertan zeudenak identifikatu. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta manifestazioaz gain herri bazkaria eta zenbait kontzertu ere izan dira.

Ekitaldi politikoan irakurri dute manifestua. Honetan, Euskal Herria egunero "borrokatu beharreko zioa" dela aldarrikatu dute: "Honen egikaritzea urrun egon badaiteke ere, bihar lortzear egongo bagina moduan aritu behar gara bere alde. Ez baita alferrikakoa Euskal Herri Langileak bere askapenaren bidean aurrera daraman borroka". Gainera, salatu dute espainiar eta frantziar estatuen menpe "zapalketa, azpirazioa, esplotazioa eta ukazioa" izan direla Euskal Herriaren historia ezaugarritu duten konstanteak.

Horregatik, adierazi dute ulergaitza dela Euskal Herriaren etorkizuna eta askapenaz hitz egitea, hori "estatuak inposatutako instituzioen eskutik" eraikitzea planteatzen den bitartean: "Aberri Egunak Euskal Herriaren askapenari ekarpena egiten badio, hau, estatuek inposatutako markoetatik haratago, zapaldutako nazio gisa baztertuta dauden aldarrikapenak plazaratzeko beta ematen duelako da. Iruzurra instituzioetan ernatzen den moduan, kale gorrian gorpuztuko da independentzia eta sozialismoari bide eman behar dien alternatiba iraultzailea".

Ondoren, ohartarazi dute estatuek "bururaino" eramaten ari direla euren militarizazio prozesua: "Frantziar estatuak berriro ere inposatu nahi du soldaduska. Eta jada hamaika dira azken urteotan Ipar Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen aurka aurrera eraman dituen atxiloketak eta hauetatik etorri diren prozesu judizialak. Atzerrian inperialismoa arma hotsez eta bonbez hedatzen diharduen bitartean, ordena delako etxean inposatu nahi dutena". Espainiar estatuak, "ildo beretik", alor internazionalean bakearen aldeko eta gerraren aurkako plantak eginez dabilela adierazi dute, baina, Hego Euskal Herriari dagokionez, betiko legez diharduela: "Euskararen aurkako oldarraldi betean. Militantzia politikoa kriminalizatu eta ekonomikoki ito nahian. Eta Euskal Herriaren kutsua duen edozerren aurka gogor joz Espainiaren berdintasunaren izenean".

Segidan, euskaldun eta langile gisa, "azpirazioa eta okupazioa gora doazen momentuan", hau normalizatu eta honi men egin beharrean, honen aurka "altxatzea, egi gordina biluztea eta antolatzea" dagokigula adierazi dute. Era berean, ohartarazi dute "gerra eta miseria" direla "zapaltzen gaituzten" estatuen eskutik etorri eta ezagutuko ditugun gauza bakarrak.

Bukatzeko, bide iraultzailea aldarrikatu du koordinadorak: "Beraz, jarrai dezagun bidea egiten. Iruzurrak irentsi barik, bide iraultzaileari helduz. Euskal Herri Langilearen mesedepeko alternatibak eraikiz. Eta zapaltzen gaituztenen aurka konfrontatuz. Borreroei erauzitako boteregune eta puska bakoitza etorkizuneko euskal estatu independente eta sozialista eraikitzen joateko mugarria izan behar delako. Kontraboterea eduki behar duelako oinarri Euskal Herriko alternatiba iraultzailearen estrategiak. Estatuon nagusitasuna eta inposizioa borrokatuz eta higatuz, egunez egun. Euskal Herri Langilearen askapenak independentzia eta sozialismoa baititu jomuga. Eta hauek lortu arte, askatasunaren bidean borrokak darrai".

Bestetik, Pasealeku plazan bildutakoek Galeseko Playd Glomiwyddol Cymru-ren elkartasun mezua entzuteko aukera izan dute, eta Argentinako Organización de Liberación Nacional y Social Fogonerosek ere bidali du beste bat.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal