lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/04/2024

JARDUN Koordinadora Gernikan mobilizatu da Aberri Egunean

La Haine - Euskal Herria
Koordinadorak iraultza aldarrikatu eta honek “herri honetan bizi dugun zapalkuntzari amaiera eman eta klaserik gabeko gizarte baten eraikuntza” ekarri behar duela adierazi du.

Atzo, martxoak 31, Aberri Egunaren harira hainbat ekimen burutu zituen JARDUN Koordinadorak Gernikan. Goizean Espainiako poliziak Iruñeatik zetorren autobusa gelditu eta barruan zeuden pertsona guztiak identifikatu eta miatu zituen. Manifestazioa Gernikako Merkurio plazatik abiatu zen 13:00ak aldera, “Borroka bidea, askatasuna ipar” lelopean. Manifestazioan “Aberri Gorria, biharko Euskal Herria”, “Independentzia, Sozialismoa” eta “Presoak kalera, amnistia osoa” oihukatu zuten besteen artean eta Palestinaren aldeko aldarriak eta ikurrak ere bai egon ziren presente manifestazio osoan zehar. Era berean, ASKE antolakundeak indar errepresiboak Euskal Herri Langilearen etsai bezala seinalatu zituen Ertzaintzaren komisaldegiaren aurrean.

Manifestazioa Foruen plazan bukatu zen eta han Samidoum preso politiko palestinarren aldeko sarearen kide batek hartu zuen hitza, Palestinaren koiunturaz hitz egiteko eta internazionalismoaren beharra seinalatzeko. Ondoren, JARDUN-eko kide batek agiria irakurri zuen, honek “inperialismoari aurre eginez, erresistentzian buru-belarri diharduten herri langileei” besarkada iraultzaile bat bidali zien eta hauek ez direla “borroka isolatuak edo urrun geratzen den bidegabekeriaren aurpegia. Izaera globala duen gaitz baten hamaika aurpegiak dira. Kapitalak eta inperialismoak tokian toki dituen aurpegi ezberdinak” direla oroitu zuten. Era berean, elkartasun internazionalista munduko beste txokoetatik Euskal Herrira iritsi zen: Galiziako PCRG (Partido Comunista pola República Galega) Aberri Egunaren harira agurra bidali zuen eta Argentinako Juventud Guevarista-k ere bai.

Horren ostean, Euskal Herriaren bakea zalantzan jarri zuten, “NATOren bonbardaketen eta azpirazioaren bitartez eraikitako hilerrien” bakea eta “frantziar eta espainiar estatuen ukazioaren eta inposizioaren” bakea dela oroituz. Bake honi erreferentzia eginez “itxurakerian eta alienazioan eraikitako egia denez gero, aski da markatutako ibilbidetik irtetea, elkarbizitzaren eta bakearen estalkia urratu, eta kapitalaren zein estatuen zapalkuntzaren aurpegiak ikusteko” adierazi zuten eta gehitu zuten “itsu nahi gaituztela, euren benetako aurpegia ikusi eta errealitate gordinaz jabetu ez gaitezen. Gor nahi gaituzte, zapalduen oihuak entzun ez eta elkartasunari bizkarra eman diezaiogun. Eta mutu nahi gaituzte, ahotsa altxatu eta ozentasunez euren bakea auzitan jar ez dezagun”.

Ondoren frantziar eta espainiar estatuak seinalatu zituzten “Burgesen jabetza eta esplotaziorako eskubideak bermatzen dituzten bitartean, langileak miseriara kondenatu, eta hauek txirotasun edota kale gorrian” uzten dituztela eta “Espainola eta frantsesa ezagutzeko betebeharra euren konstituzioetan jaso, eta aldi berean euskaraz bizitzeko, aritzeko eskubidea sistematikoki” erasotzen dutela adieraziz.

Hala ere, “zapalkuntzak dirauen bitartean erresistentzia egongo da. Errepresioak dirauen bitartean, erantzuna. Ukazioak dirauen bitartean, kontzientzia eta borondatea. Borroka baita Euskal Herriaren biziraupena bermatu, eta, era berean, herri honetako langile klasea bere etorkizunaren jabe egin, eta hau eraiki” ahal izatea ahalbidetuko duena esan zuten. 

Bukatzeko, honen aurrean iraultza “Euskal Herri Langileak jorra dezakeen bide bakarra” dela ziurtatu zuten eta honek “herri honetan bizi dugun injustiziari eta zapalkuntzari amaiera eman, eta klaserik gabeko gizarte baten eraikuntza” ekarri behar duela adierazi zuten. Era berean, “euskal identitatea agortzea eta itzaltzea ekidin, eta langileon morrontzari amaiera eman” behar diola gehitu zuten eta “askatasunaren ateak parez pare irekiz eta independentzia eta sozialismoari" bide eman.

Eguna bazkari herrikoiarekin jarraitu zuen eta gero hainbat musika talde jo zuten , esaterako Hofex4:40, Belako, Rat-Zinger, Neallata Fola...besteen artean.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal