JARKI-k Espainiako konstituzioaren kontrako manifestazioa burutu du Durangon

Abenduaren 6an, arratsaldeko 19:00ak aldera, ehundaka pertsona mobilizatu ziren Durangon, “Euskal Herri Langileak apurketa” lelopean. Manifestazioa Landakoko tximiniatik abiatu zen “Konstituzioa apurtu”, “Independentzia, Sozilismoa”, “Aberri gorria, biharko Euskal Herria” eta “Hau ez da Espainia, Euskal Herria da!” oihuen artean. Manifestazioa Durangoko Santa Ana plazan bukatu zen hitzaldi batekin.
JARKI antolakunde iraultzaileak adierazi zuenez, abenduaren 6an sarritan egon ohi da “iraganera jotzeko” tentazioa, hala ere, “Euskal Herriaren etorkizunari erreparatzeko” daudela argi utzi zuten. Segidan, hainbat galdera bota zituzten: “zeintzuk dira Euskal Herriko langileok klase eta nazio zapaldu gisa eskura ditugun alternatibak? Zelan egikari ditzakegu gure erabaki eta borondatea? Zelakoa da benetan igurikatzen dugun Euskal Herria?”.
Antolakunde iraultzaileak azaldu zuen hauen erantzunak ez daudela eta ez direla “inolaz ere igarotzen, bai frantziar, bai espainiar estatuek Euskal Herrian inposatzen dituzten lege eta instituzioetatik”. Salatu zutenez, hauek sostengatzen dituzten konstituzioek ez daukate izaterik Euskal Herrian, inposizioaren ikur eta tresna izatetik haratago: “Izan ere, etsaiak argi dauka eta behin eta berriz erakutsi digu bere proiektu politikoaren gauzapena Euskal Herriaren sumitze eta asimilaziotik igarotzen dela. Euskal Herriko langileon odolez eta izerdiz eraikiak baitira frantziar eta espainiar estatu kapitalistak. Euskal Herriaren izaera nazionalaren ukazioaren bitartez gorpuzten da euren borondate nazionala, Euskal Herriak ez baitauka lekurik eurentzat, ezta termino geografiko gisa ere. Eurek ondo baitakite Euskal Herri Langilearen aberria mehatxua dela euren existentziarentzat”.
Beranduago, antolakunde iraultzaileak salatu zuen gogor aritzen direla, tematuta, “politikoki aitortu nahi ez dutena baztertu eta jazartzeko” orduan. Bide horretan, Euskal Herria, “izaera historizistetako irakurketetatik haratago”, inoiz baino “biziago eta indartsuago” dagoen izaera politikoko kontzeptua dela nabarmendu zuten eta hamaika konstituziok, epaitegik eta politikok ezingo dutela ezabatu adierazi zuten.
Hala, ozen esan zuten apurketa dela Euskal Herri Langileak daukan hautu bakarra: “auzia ez baitatza apurketan ala erreforman, borrokan ala konformismoan, kontraboterean ala instituzionalismoan. Ez baitago dikotomiarik langileontzat. Argi dago Euskal Herriko zapalduon etorkizuna zapaltzen gaituztenon errauts eta hondarren gainetik eraikia izango dela, apurketa baita eraikuntzari begira dugun baliabide bakarra. Konfrontazioa da Euskal Herriko Langileon proiektu politikoaren gauzapenerako oinarri izan behar den tresna. Logika hori geure eginda bakarrik gaindituko ditugu inposatzen dizkiguten markoak, erreformismo eta instituzionalismotik planteatzen diguten alternatiba faltsuei muzin eginda, eta hauek benetan Euskal Herri Langilearentzat suposatzen dutena biluztuz”.
Bukaeran, espainiar eta frantziar estatuek “inposatutako erregimenaren” suntsiketa aldarrikatu zuten, izan ere, haien iritziz, “botere politikoa ez da estatuek errazten dizkiguten hondarretan oinarrituz gauzatuko”. Hala ere, argi utzi zuten antolakuntza politikorik gabe, alternatiba iraultzailerik gabe, ezinezkoa suertatuko dela askapenera eraman behar gaituen ibilbide luzea jorratzen hastea. Euren esanetan, "langileen eskutik sortutako kontraboterea" izango da "apurketa" hori eragingo duena. Hortik sortuko delako, “Euskal Herriaren askapena ahalbidetu behar duen bidea”.







