lahaine.org
Nafarroa, Nacionales E.Herria :: 06/12/2022

JARKI manifestazioa burutu du Iruñeko kaleetan zehar, espaniar konstituzioa apurtu

La Haine - Euskal Herria

JARKI antolakunde iraultzaileak manifestazioa burutu du Iruñeko kaleetan zehar, espaniar konstituzioaren apurketa aldarrikatu eta Euskal Herri Langileari inposatuak zaizkion mugak gainditze aldera.

Manifestazioa Espainiako Polizia Nazionalaren uniformedun zein paisanozko efektibo askoren presentziapean egin da, eta, hau burutu bitartean, Espainiako Polizia Nazionalak JARDUNeko bi kide identifikatu ditu.

 Hona hemen JARKI antolakunde iraultzaileak manifestazioa bukatuta plazaratu duen irakurketa, bere osotasunean:

 "Espainiar eta frantziar estatuek banaketa sustatu nahi dute Euskal Herriko langileriaren artean, alienazioa erdietsi eta honek bere nazio izateari uko egin diezaion, Euskal Herriko langileen aurka aurrera daramaten klase azpirazioari eusteko. Une honetan, Euskal Herria frantziar eta espaniar estatuen menpe eta hauek inposatutako mugengatik banatuta dago.

 Hortaz, Euskal Herriko langileon arteko banaketa agerikoa da. Ikusi besterik ez dago Hego eta Ipar Euskal Herriaz aritzen garela askotan, banaketaren logika barneratuta. Era berean, espainiar estatuak Euskal Herri penintsularreko lurraldea 4 administrazio autonomikoetan banaturik dauka; ezin baitugu ahaztu, Nafarroako Foru Erkidegoaz eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gain, Villaverde Turtzioz eta Trebiñu Kantabriako eta Gaztela Leoneko autonomia erkidegoetan kokatuta daudela, hurrenez hurren.

 Ildo horretatik, Euskal Herriak pairatzen duen banaketa administratiboaren helburua da Euskal Herriko langileon arteko harremanak baldintzatzea edota moztea; Euskal Herri Langileak bere nazio izaerari uko egiteko eta, aldi berean, espainiar zein frantziar estatuetako makinaria kapitalistako lan indar gisa bere erabateko intregazioa lortzeko. Hori dela eta, estatuek euskal nazio identitatea osatzen duten baldintza objektiboen aurka jotzen dute, euren proiektu politikoen gauzapenerako.

 Adibiderik argiena lurralde banaketatik eratorritako euskararen egoera dugu. Frantziar estatuak Euskal Herriarekiko historikoko mantendu duen ukazioaren baitan, euskarak ez dauka inolako estatusik Euskal Herri kontinentalean.

Espainiar estatuari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan gaztelaniarekin batera izaera koofiziala dauka. Kantabrian eta Gaztela Leonen, berriz, bere existentzia ukatzen dute zuzenean. Nafarroako Foru Erkidegoaren kasuan, Euskal Herri Langileriaren banaketan sakontzeko helburu argiarekin, euskarak hiru zatitan banatutako zonifikazioaren araberako aitortza dauka.

 Euskal Herriaren aurkako makinaria jazartzaile guztia zein Euskal Herri Langileriaren aurka estatuek aurrera daramaten estrategia estatuaren parte diren instituzio eta eragile ezberdinek burutzen dute; estatu bakoitzak Euskal Herriari inposatutako marko legalaren baitan aurkitzen diren instituzioek, hain zuzen ere. Euskal Herriaren aurka aritzen diren estatuak sostengatzen dituen marko legal hori euren konstituzioetan oinarriturik dago.

Horrela, konstituzioak ez dira bakarrik Espainiako eta Frantziako burgesiak bere klase interesen eta proiektu politikoaren neurrirako estatuaren oinarria; hauetatik eratorritako estatu kapitalistek Euskal Herri Langilea klase zein nazio parametroetan menderatuta mantentzeko darabilten jazarpena legezko bihurtzen dute, honi zilegitasun itxura emateko asmoarekin.

 Gauzak horrela, argi geratzen da espainiar zein frantziar konstituzioek ez daukatela ezer Euskal Herri Langileari eskaintzeko, berau mendean mantendu, eta bere asimilaziorako mugarriak finkatzen dituen heinean. Horren aurrean, Euskal Herri Langileari ez zaio estatu hauekiko apurketa ez den bestelako ziorik geratzen; autonomismoa edota erdibideko planteamenduak euskal burgesiaren kolaboraziorako baliatzen baitituzte frantziar eta espainiar estatuek. Burujabetzari dagokionez, erregimen autonomikoa eta euskal elkargoaren iruzurra ditugu horren adibiderik argiena.

 Azken finean, Euskal Herri Langileriaren klase interesak ase eta pairatzen duen klase zein nazio zapalkuntzari aterabidea eman diezaiokeen bakarra Euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntza da; Euskal Herriko langileon boterea eta klaserik gabeko gizarterako lehenengo pausoak garatzea ahalbidetu behar duen estatua, alegia. Langileon antolakuntzatik langileok eraikitako instituzioak oinarri izan behar dituen estatua, alegia.
Kontraboterean, estatu zapaltzaileekiko konfrotntazioan eraikia izan behar den estatua.

 Eta bide horretan, apurketa da Euskal Herri Langileak instituzioek inposatutakp markoen aurrean duen aukera bakarra; Euskal Herriko Langileok ezin baitugu onartu burgesiak gu otzan mantentzeko eta jazartzeko darabilen markoa. Izan ere, marko horren baitako edozein planteamendu, berau zilegitzatzeaz gain, burgesiaren posizioa eustera doa bideratuta, Euskal Herriko nazio izaeraren deuseztapenera biderako bermea izatearekin batera.

 Hori dela eta, gaur ez da jaieguna, ez da etxean edota tabernan kalakan aritzeko eguna. Gaur kalera atera eta apurketaren aldeko aldarria ozen ikusarazteko eguna da; mobilizaziorako eguna, alegia. Mobilizazioa eta Euskal Herri Langilearen aktibazioaren bitartez, antolakuntzaren bitartez bakarrik lortuko baititugu Euskal Herriaren askapena suposatu behar duten independentzia eta sozialismoaren helburuak.

 Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herri sozialista! "

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal