JARKIk Munduko Txapelketa "Espainiako eta Frantziako nazionalismoa indartzeko tresna" dela salatu du

JARKI antolakunde iraultzaileak ohar baten bidez adierazi duenez, Munduko Txapelketa ez da "kirol ekitaldi huts bat", baizik eta kapitalismoaren eta estatuen interes politiko eta ideologikoen zerbitzura dagoen tresna. Antolakundearen ustez, futbolak gizartea "alienatzeko eta menderatzeko" balio du, eta munduko txapelketaren testuinguruan bereziki indartzen dira Espainiako eta Frantziako nazionalismoak Euskal Herrian.
Antolakunde iraultzailearen esanetan, kirol ekitaldi handiak, hala nola Munduko Txapelketa, Tourra edo Eurokopa, "kapitalak etekin ekonomikoa ateratzeko ez ezik, Euskal Herri Langilea alienatzeko eta sumitzeko" erabiltzen dira. Horren arabera, kirolaren itxurazko neutraltasunaren atzean, burgesiaren "ideologia, balioak eta gizarte eredua" zabaltzeko eta birsortzeko mekanismoak daude.
Antolakundeak nabarmendu du aurtengo txapelketak bereziki sustatzen dituela Espainiako eta Frantziako nazionalismoak, eta adierazi du bi estatuen arteko neurketak tentsio hori areagotuko duela. "Espainiak ala Frantziak irabazi, Euskal Herria izango da galtzaile", adierazi du JARKIk, bi estatuak "Euskal Herriaren aurkako zapalkuntza nazional eta sozialaren azken erantzuleak" direla iritzita.
Oharrean, Euskal Herriko langileei dei egin diete txapelketa ikuspegi politikotik interpretatzera. Antolakunde iraultzailearen ustez, kirolaren bidez Espainiako eta Frantziako estatuek herritarrak euren nazio proiektuen parte direla sentiarazten dute, eta, aldi berean, "Euskal Herriaren nazio izaera eta existentzia ukatzen" dituzte.
Amaitzeko, antolakundeak Euskal Herriaren "proiektu politikoa eraikitzeko" beharra azpimarratu du, eta Espainiako zein Frantziako nazionalismoari aurre egiteko deia egin du. Horren harira, adierazi du beharrezkoa dela bi estatuen "oldarraldia konfrontatzea".







