Jokin Urain ‘Kixkur’ eusko gudaria zendu da

Gaur jakinarazi dutenez, hil egin da Jokin Urain ‘Kixkur’ preso politiko ohia. Mendaron jaio zen 1959an, eta Oreretan (Gipuzkoa) bizi zen. 1983ra arte nekazari lanetan aritu zen. Urte hartan, militantziaren eta jasandako errepresioaren ondorioz, Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen. Hiru urte geroago atxilotu zuten Basaurin (Bizkaia), ETAko kide izatea egotzita.
25 urte eman zituen preso Espainiako Estatuko espetxe ezberdinetan, tartean Herrerakoan. 2009ko irailaren 7an, 23 urteko zigorra beteta zuela, Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/06 doktrina ezarri eta espetxealdia 2016ra arte luzatu zion. Hori dela-eta, mobilizazio ugari egin ziren Oreretan Jokin Urainen askatasuna aldarrikatzeko. Azkenean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina hori baliogabetu ondoren, 2013an atera zen aske.
Militantziaz harago, euskal literaturan eta pentsamenduan egindako ekarpenengatik ezaguna da ‘Kixkur’. Kartzelan idatzi zituen bere lehenengo bi nobelak, Izaina (1990) eta Adlotse (1992). Gatibu sortu nintzen (2000) liburuan bere ibilbide pertsonala eta militantea kontatu zituen. Literaturaz gain, euskal pentsamenduari eta herri memoriari egindako ekarpenagatik ere gogoan izango da. Ametsen liburua (2015) lanaren koordinatzaile nagusietako bat izan zen; obra horretan 426 euskal preso, iheslari eta erbesteraturen ahotsak, ametsak eta bizipenak jasotzen dira. Halaber, Txomin. Aurrera bolie! idatzi zuen, ETAko buruzagi historiko baten biografia. Lan hori osatzeko, Iturberekin batera militatu zutenen testigantza zuzenak bildu zituen.







