Jon Mirena San Pedro eta Angel Lopez Anta euskal preso politikoak aske geratu dira


Aske geratu dira Angel Lopez Anta eta Jon Mirena San Pedro euskal preso politikoak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala ebatzita.
Lopez Anta 2002an atxilotu zuten, ETAko kidea izatea leporatuta. Frantziako espetxeetan eman zituen preso lehen urteak, Espainiaratu zuten arte. Espainiako justiziak ez ditu kontuan hartu Ortuellakoak Frantzian betetako zigor urteak; kontuan hartu izan balira, 2019rako betea izango zukeen zigor osoa, haien arabera. Hala ere, 2019an, Lopez Anta Huelvako espetxetik (945 kilometrora) Algeciraskora (1.045 kilometro) mugitzea erabaki zuen Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Urtebete inguru egin zuen kartzela hartan, Leonera (370 kilometrora) mugitu zuten arte. 2021eko apirilean, berriz, iragarri zuten Zaballara (Araba) lekualdatuko zutela, eta, horrekin batera, bigarren gradua ezarri zioten. Hirugarren gradua, berriz, 2023ko irailean lortu zuen. Azkenik, baldintzapeko askatasuna lortu zuen ostiralean.
1991. urtean atxilotu zuten Jon Mirena, Espainiako polizia bat exekutatzen saiatzea eta ETArentzat informazioa lortzea leporatuta. Lehenengo, 1991tik 1995era bitartean, Espainiako Estatuan gatibu egon zen. Ondoren, 1999an atxilotu zuten Frantziako Estatuan, eta bost urte gehiagoko zigorra bete zuen. Hau amaitutakoan, 2004an espainiaratu zuten, eta ordutik hainbat espetxetan egon da preso. Aspaldi egon behar zuen aske, beste estatu batzuetan, kasu honetan frantsesean, ezarritako kartzelaldiak deskontatzea agintzen zuen legea iruzurtu izan ez balute. Izan ere, Espainiako Estatuan aurreko urtean ezarri zuten 7/2014 Lege Organikoaren aldaketa, zigorren zenbaketa bikoitza indargabetuz.