lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 09/09/2023

La Vuelta-ri EZ!

JARKI antolakunde iraultzailea
Euskal Herria azpiratuta mantentzen duten estatuek kirola bezalako izate zabaleko ekimena baliatzen ari dira, euren nagusitasunaren eta Euskal Herriaren gainean duten kontrolaren frogaren ikur gisa.

Irailaren 9an eta 10ean, Ipar Euskal Herritik Nafarroara eta Nafarroan barrena ibiliko da La Vuelta Españaren 78. edizioa. Azken urteetan Euskal Herriko euskal burgesiak bultzatuta gauzatzen ari diren tankera horretako makro-ekimenak, Euskal Herriaren asimilazio estrategiari begira, estatua aurrera eramaten ari den ofentsibaren baitan kokatu eta ulertu behar ditugu. Halaber, La Vuelta Euskal Herrian zehar gauzatzea ezin da izaera isolatuan hartu, Tourrak ekarri zuen izaera kualitatiboko jauziaren jarraipena delarik. Izan ere, Euskal Herria azpiratuta mantentzen duten estatuek Urriaren 12an edota Uztailaren 14an armada kaleetan desfilatzera atera beharrean, kirola bezalako izate zabaleko ekimena baliatzen ari dira, euren nagusitasunaren eta Euskal Herriaren gainean duten kontrolaren frogaren ikur gisa.

Estatuek jazarpenaren bitartez Euskal Herri langileari inposatzen dioten bake eta normalizazioaren ikurra da La Vuelta España lasterketa. Euskal, espainiar eta frantziar burgesiaren nagusitasuna bermatzera, haien interesak babestera eta asmoak betetzera bideratuta doa ekimen hau, burgesiaren proiektu politikoa errotzeko eta, aldi berean, Euskal Herriaren asimilazioan klase zein nazio parametroetan sakontzeko aukera ematen baitu. Azken finean, estatu burgesa kirola bere benetako helburuak ezkutatzeko baliatzen ari da, langileon eguneroko zapalkuntzetatik arreta desbideratuz, bere azpirazio egoera ezkutatuz eta bien bitartean hau entretenituta mantenduz. Baina Euskal Herriko errepideak ikurrinaz beteta ere, ezinezkoa suertatuko da La Vuelta Españaren eskutik doan piperpotoa ezkutatzea, espainiar eta frantziar estatuen arteko elkar-ulertzea agerikoa baita Euskal Herriaren jazarpenari dagokionez.

Azken finean, Euskal Herri Langileari inposatzen dioten biolentzia eta honen erabileraren mehatxupean eraikitako errealitatearen bitartez da bakarrik posible horrelako ekimenak gauzatzea. Izan ere, oso presente izan behar dugu ekimen hauek txakurradaren jagoletzaren bitartez gauzatu behar izatea, gogora ekarri behar dugularik abuztuaren 28an txakurrek La Vuelta Españaren harira Països Catalans-etan 4 atxiloketa burutu izana. Atxiloketa horien bitartez, militantzia politikoaren jazarpena eraginkortasun polizial gisa saldu nahi izan dute, horrelako kirol ekimenak estatuek euren txakurren presentzia eta jarduna normalizatzeko nahiz zilegitzeko nola baliatzen duten agerian utziz. Estatua berak inposatutako eta markatutako parametroetan eta, hortaz, bere logikaren baitan burutzen diren ustezko protestak onartzeko prest dago bakarrik, hauetatik kanpo geratzen den edozein ekintzaren eta disidentzia politikoaren kriminalizazioa burutzen duelarik. Gogora ekarri besterik ez dago Tourraren harira Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak eskainitako prentsaurrekoa.

Are larriagoa suertatzen da estatuek klase zapalkuntzan sakondu ahal izateko inposatu nahi dizkiguten ekimenak auzitan jartzeko ez betarik, ezta borondaterik ez izatea. Izan ere, klase zapalkuntzan sakontze bidean Euskal Herri Langilearen alienazioa areagotzeko, hau bere kontzientzia nazionalari uko egiten joatea dute azken helburutzat ekimen hauek, klase zein nazio parametroetan Euskal Herri Langileak pairatutako zapalkuntza medio duen potentzialitate iraultzailea indargabetzeko asmoarekin. Otzantasun horrek burgesiaren planteamenduak eta honek inposatutakoa bere egitera kondenatzen du Euskal Herriko langile klasea.

Gauzak horrela, ikurren eta kulturaren aldarrikapenetatik haratago, Euskal Herriak jasaten duen klase zapalkuntza eta ukazio nazionala azaleratzera bideratuta joan behar da lanketa politikoa. Azpirazioari amaiera jarri eta bere askapenerako eta Euskal Herriko langileon askapenerako grinaren aldarrikapena izan behar da nagusi. Ezkutatu nahi dituzten aldarrikapenak argitara atera eta Euskal Herri Langilea aktibatzeko bidea izan behar delarik lanketa politikoa, inposatu nahi dizkiguten ekimenen izateaz eta helburuaz kontziente izanda, horiekin apurtu eta alternatibak planteatze aldera.

Hori lortzeko bidean, Euskal Herri langileari geratzen zaion aukera bakarra apurketa eta konfrontazio politikoa dira. Izan ere, indarrean dagoen egoera bere eginda edo horretan oinarritutako adiskidetzera bideratutako planteamenduek etsaiaren nagusitasuna auzitan jartzen ez duten heinean, honek bere posizioa eusteari baino ez diote mesede egiten, herri langileari iruzur egiten zaion bitartean. Horrelako ekinbideak ez dira ezta apurketaren osagarria ere, honekiko kontrajarriak diren estatuen interesen aldeko planteamenduak baizik.

Espainiar eta frantziar estatuak inposatutako markoaren baitan ezinezkoa izango zaio Euskal Herri Langileari bere etorkizuna era aske eta demokratikoan erabakitzea. Klase ikuspegitik ezin zaio demokrazia eskatu, burgesiaren klase interesei eustera bideratuta egonda, izatez eta erroz langileria azpiratuta mantentzeko izaera antidemokratikoa duen estatu burgesari. Era berean, Euskal Herri langilearen ukazioa eta jazarpena sustatzen duten horiei arrotzak zaizkie askatasuna bezalako terminoak, hau hitz betegarri gisa sarri baliatzen duten arren.

Bide horretan, Euskal Herri Langilearentzat mobilizazioa, antolakuntza eta borroka dira aukera
bakarrak, inposatu nahi dioten errealitatearekin apurtu eta Euskal Herriko langile klasearen
benetako askatasuna ekarriko duten independentzia eta sozialismoaren bidean jorratzeari ekiteko.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal