JARDUN Koordinadorak deituta ehundaka lagun mobilizatu ziren Langileen Nazioarteko Egunean


Atzo, maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, Donostian manifestazio bat burutu zuten “Langileon borrokaz Euskal Herria sozialista” lemapean. Manifestazioa 13:00ak aldera irten zen Bulebarretik “Gora langileon borroka!”, “Euskal Herri Langilea aurrera!’’ eta “Independentzia, Sozialismoa” oihuen artean eta hiriko erdialdea zeharkatu ondoren Parte Zaharrean bukatu zen. Han, Jauregi Jenerala kaleko lokal bat okupatu zuten, Kantauri espazioari irekiera emanez.
Gertakarien ostean komunikatu bat irakurri zuten. Honetan “kapitalaren instituzioen eskutik” ez dagoela biderik adierazi zuten, “hauetan nagusi den kolorea izaten dena izaten delarik, langile klasearen potentzialitate iraultzailea indargabetu, eta aldi berean honen esplotazioarekin eta azpirazioarekin jarraitzen duen makinariaren kudeatzailea” dela argudiatuz. Horren ondoren, “langile klasearen potentzialitatearen garapena bere gaitasun politikoaren gauzapena, kapitalari aurre egin eta honek inposatutako markoetatik kanpo eraikitako langile klasearen espazioetatik” etorriko dela azaldu zuten. Jarraian “langile klaseak bere antolakuntzaren bitartez eta bere klase interesei erantzuten dien proiektu politikoarekin” erdietsiko duela bere askapena esan eta gaurko okupazioa, “izaera sinbolikoko ekintza edo aldarrikapena izatetik haratago, langile klaseak bere alternatiba propioak eraiki, eta balioan jartzeko ekintza efektiboa dugu. Donostiako hiriaz haratago, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileari bere osotasunean ekarpena” egingo diola gehitu zuten.
Denbora pasa ahala indar errepresiboak bertaratu ziren; lehenengo, Donostiako Udaltzaingoak pertsona bat identifikatu zuen, geroago Ertzaintza. Azkeneko hauek espazio berriaren sarrera defendatzen ari zirenen pertsonen aurpegiak grabatu zituzten eta zonaldea sokaz hesitu zuten, edonori bidea moztuz. Hala ere, ordu bat ondoren, joateko erabakia hartu zuten.