Lantegien okupazioa, kapitalismoari aurre egiteko alternatiba erreala Argentinan.

Gaur egun autogestionaturiko 280 enpresa daude Argentinan eta horien
artean aitzindaria Buenos Aires-eko IMPA lantegia da. Bere garaian
hiriburuan zegoen enpresa garrantzitsuenetakoa izan zen baina 90.
hamarkadan, neoliberalismo basatiaren etorrerarekin jabeek produkzioa
etetea erabaki zuten. Langileek ez zuten patronalaren erabakia onartu
eta bi hamarkada geroago ezinezko zirudiena erreal bilakatu du
autogestioak.
Atzera begiratu eta 90. hamarkadako Argentinara bidaiatu behar da
Buenos Aires-eko IMPA enpresaren “beste” historia ulertzeko. Urte
horietan, Carlos Menem presidentearen eskutik neoliberalismoak
Argentinan lur hartu zuen.
Birus baten moduan kapitalismoaren fase berri honek ordura arte
Argentinan existitzen ziren Ongizate Estatuaren arrasto guztiak
deuseztatu zituen ; Estatuarenak ziren azken enpresa handiak
pribatizatu ziren, langabezia tasa inoizko handiena zen, zerbitzu
sozialak iraganeko ilusio bilakatu ziren. Testuinguru honetan beraz,
langile klasearen kontrako eraso bortitz honen baitan kokatu behar da
IMPA bezalako enpresa autogestionatuen sorrera.
90. hamarkadara arte Buenos Aires-eko enpresarik garrantzitsuenetakoa
zen IMPA. Besteren artean, hegazkinentzako motorrak egiten zituen eta
ezin esan galerak zituenik. Baina zuzendaritzarentzat irabaziak antza
ez ziren behar adinakoak eta lantegia ixtea erabaki zuten. Langileek
ordea, ez zuten zuzendaritzaren erabakia onartu eta 1998. urtean
lantegia okupatzea erabaki zuten. Argentinako lehen lantegi
autogestionatua jaio zen.
IMPAren irakasgaiak
Gaur egun 52 langilek egiten dute lan Buenos Aires erdigunean dagoen
enpresa honetan. Aluminioa lantzen dute eta urtean, aluminiozko
700.000 pomo, 400.000 bandeja eta 8 bat tonelada alumio paper ekoizten
dute urtean. Enpresa bideragarria da eta Estatuaren partetik ez du
laguntzarik jasotzen. Kontrakoa, kolore guztietako Gobernuen partetik
trabak eta kasu batzuetan erasoak besterik ez ditu pairatzen.
Edozein kasutan, Argentina izan diren antzeko esperientziekin
alderatuta IMPAkoak baditu berezitasun batzuk. Adibidez, lantegia
okupatu zutenen artean kaleraturiko langileez gain sindikalgintzako
militanteak zeuden. Eta Eduardo Murua, IMPAko langilearen ustez
“berezitasun horrek eduki politiko nahiz ideologikoz bete zuen IMPA
lantegi autogestionatuaren sorrera”.
Sorreratik bere sustraiei eutsi diete IMPAn : Langile guztiek soldata
bera kobratzen dute, berdin du garbiketa eta mantenu lanak egin edo
kudeaketa ekonomikoaz arduratu, hilea amaitzerakoan ordain saria
berberea da guztientzat. Erabaki garrantzitsuenak asanbladan hartzen
dituzte eta lanaren banaketa bakoitzaren gaitasunen arabera egiten da
eta gainera, postu askotan txandakatuz doaz.
Jendartea eraldatzeko lantegia
Halere, IMPA aluminoizko piezak egin eta 52 pertsonei lana emateko
espazioa fisiko bat baino askosaz ere gehiago da. Proiektu sozial eta
kultural bat ere bada eta 1998. urtean lantegia okupatzearekin batera
Kultur Elkartea deitu zutena sortu zuten. Bertan, ekimen ugari egiten
dituzte baina akaso aipagarriena adindunentzako eskola da.
Argentinan krisiaren ondorioz geroz eta gehiago dira ikasketarik
gabeko gazteak eta Buenos Aires ez da salbuespen bat. Horregatik,
IMPAko Kultur Elkartean batxillergoa irakasteko kurtsoak antolatzeari
ekin zioten duela bolada bat eta datuak ikusita ekimena guztiz
arrakastasua dela esan daiteke. Gaur egun, 200 lagunek (gehienak 20
urtetik gorakoak dira) ikasten dute IMPAko “eskola herritarrean” eta
bertan jasotzen dituzten tituluek Estatuaren onarpena daukate, alegia,
IMPAk ematen dituen tituluak ofizialki baliogarriak direla. Horixe da
hain zuzen, Eduardo Murua, IMPAko langilearen hitzetan azken urteotan
lortu duten garaipenik handienetako bat.
Hau guztia eta gehiago da beraz, Buenos Airesen dagoen IMPA lantegi
autogestionatua. Argentina osoan zehar barriatuak dauden 280 lantegi
okupatu horien artean beste bat. Bere berezitasunekin, bere akatsekin
eta zergatik ez, Euskal Herriarentzat ere baliagarriak izan daitezkeen
hainbat eta hainbat irakasgaiekin.
Askapena-ko brigada, Buenos Aires. 2011ko abuztua







