Lau euskal herritar bahitu ditu armada sionistak, eta lauak gose greban dira

“Bideo hau ikusten baduzue, armada sionistak bahitu nauelako da. Momentu honetatik aurrera gose eta egarri greban egongo naiz”, dio Karim El Khamlichi Mohamed-ek Global Sumud Euskal Herriak sare sozialetara igo duen bideoan. Astelehen goizean atzeman du Israelgo armadak flotillan zihoazen 58 ontziak, eta tartean lau euskal herritar bahitu ditu; gainontzekoetan egin bezala, oraingoan ere nazioarteko uretan izan da erasoa. Beste bi euskal herritar geratzen dira oraindik flotillan: bata itsasoan, bestea lurrean. Lurretik doan konboia ere geldiarazi dutela jakinarazi du plataformak; Sirtetik gertu, Libian.
Egoera horrela, flotillak aurrera jarraitzen du: astearte eguerdiko datuek diote, Israelgo armadak arratsaldeko 40 ontzi atzeman eta gero, hamar ontzi txikik jarraitzen dutela Gazarako bidean. Orduan emandako datuen arabera, bi egun baino gutxiagoan egon daitezke bertan; alegia, asteazkenerako. Ohartarazi dute bahitutakoei buruzko informaziorik ez dutela.
Erasoa gaitzesteko protestak deitu ditu Global Sumud Flotilla mugimenduak astelehenean Euskal Herriko zenbait herritan; akanpadak ere egin dituzte. Eta protesta gehiago ere deitu dituzte: Eusko Legebiltzarraren parean egingo dute eserialdia egunero, lau euskal herritarrek bahituta jarraitzen duten bitartean, goizeko 8:30etik 14:00ak artean.
Apirilaren 12an abiatu zen flotilla Bartzelonako portutik, eta handik bi astera, apirilaren 30ean, Israelgo armadak atzeman eta bertan zihoazen 55 itsasontzi geldiarazi zituen. Momentu horretan nazioarteko uretan zihoazen, Greziako kostaldetik gertu; han atzemanda, maiatzaren 8an itsasoratu zen berriz, Turkian gainontzeko parte-hartzaileekin batzeko asmoz.
Grezian 180 parte-hartzaile bahitu zituen Israelek, eta handik ordu gutxira askatu zituen guztiak bi izan ezik: Thiago Ávila brasildarra, gose greban, eta Saif Abu Keshek katalan-palestinarra hamar egunez izan zituzten bahituak, maiatzaren 10ean askatu eta deportatu aurretik. Bi kideek torturak salatu zituzten, baita atxilotuetako beste zenbait kidek ere.







