lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 08/01/2021

Laudioko Gaztetxea desalojatu dute udaltzainek

Txabi Alvarado Bañares
Laudioko Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dute mobilizazioak egingo dituztela datozen orduetan.

Gaur eguerdian bertaratu dira udaltzainak Laudioko Gaztetxera eta barruan zeuden pertsonak aterarazi dituzte. Gazte Asanbladako kideek iragarri dute mobilizazioak egingo dituztela datozen egunetan, gertatutakoa salatzeko. 

Atzo jaso zuten Gaztetxeko kideek udalaren desalojo agindua, eta argindarra moztu egin zieten, salatu zutenez:

Itxieraren nondik norakoak

Asteartean iragarri zuten Gazte Asanbladako kideek Gaztetxea berriz irekiko zutela. Modu horretan, kontra egin zioten Laudioko Udalak berriki hartutako erabakiari. Tokiko erakundeak jakinarazi du 2023. urtera arte mantenduko dituztela itxita Kultur Etxeko azpiegiturak -Gaztetxea barne-, Aldundiak bertan egin nahi dituen obren 2. fasea amaitu arte. Erabaki horren “arbitrariotasuna” salatu zuen Gazte Asanbladak, Kultur Etxeko erakin multzoaren zenbait gune -KZ Gunea eta Euskaltegia- irekita mantenduko dituztelako. “Argi dago Gaztetxetik kanpo nahi gaituztela eta espazioaren egoera helburu hori lortzeko aitzakia merkea baino ez dela”, salatu zuten. 

Gauzak hala, Gaztetxeko ateak ireki zituzten berriro asteartean. Bilera ireki bat egin zuten Gaztetxearen 20 urteurrenaren nondik norakoak azaltzeko. Biharamunean iritsi zitzaien argindar mozketa eta desalojo agindua, gaur gauzatu dena. 

Laudioko Gaztetxeko kideak ez dira izan Kultur Etxea 2023. urtera arte itxita mantentzearen aurka pozisionatu diren bakarrak. KULTURKOM Batzarreko kideak ere azpiegiturak irekita mantentzearen alde daude. 

Udalak erantzun du Gazte Asanbladako kideek zerraila aldatu zutela eta, ondorioz, Aldundiko langileak ezin zirela obrekin jarraitzera sartu. Hala ere, obrak amaitzean Gazte Asanbladak espazioa erabiltzen jarraitu ahalko duela ziurtatu du

Udalaren erantzuna

Udalak adierazi du Gaztetxea ezin dela erabili une honetan, hiru arrazoiengatik: “Pandemia egoera batean gaudelako, Kultur Etxeko obrak amaitu ez direlako eta Gaztetxeko hainbat elementuren egoerak espazioa ez-seguru bihurtzen duelako”. Arabako Foru Aldundiak eginiko txosten batean oinarritu da udala Gaztetxearen egoeraren gaineko baieztapen horiek egiteko, eta iragarri du Kultur Etxeko obren bigarren fasean arrisku horiek kentzeko lanak egingo dituztela.

Horrez gain, tokiko erakundeak azaldu du Gazte Asanbladako kideek Gaztetxeko zerraila aldatu zutela asteazkenean. “Arabako Foru Aldundiko langileak sartzen saiatu ziren, obrak amaituta ez zeudelako eta leihoetan zenbait gauza egin behar zituztelako, eta ezin zutela ikusi zuten”. Gauzak hala, Gazteria zinegotzia (Juanje Merchan PSE-EEko zinegotzia) jarri zen Gaztetxeko kideekin harremanetan, eta giltza ematea eskatu zien, bestela indarrez sartuko zirela ohartaraziz.

Gazte Asanbladako kideek, aldiz, erantzun dute udalak Gaztetxeko giltza aldatu zuela obren lehen fasean. Ondorioz, gazteak ezin izan dira espaziora sartu orain arte. 

Gaztetxera itzuli ahalko da gazte asanblada, udalaren arabera

Hala ere, 2019ko abenduan hartutako konpromisoan berretsi da udala. “Kultura Etxeko lanak amaitzen direnean Gaztetxeko erabiltzaileek instalazioetara itzultzea bermatuko diegu, baina obrak amaitzen direnean”, ziurtatu dute.

Udalak azaldu du oraindik aztertzeke dutela non kokatuko dituzten Kultur Etxean zeuden tailer eta elkarteak. “Hala ere, une honetan dagoen pandemia egoeran, udal-eraikinek ez dute jarduera horiek modu seguruan egiteko aukerarik eskaintzen”.

Gazte Asanbladak, bere aldetik, aipatu du udalak ez diela orain arte bermatu Gaztetxera itzuli ahalko zirela. Hilabete bat eman dugu udalaren atzetik, bilera bat eskatzeko, eta ez digute erantzun ezta alternatibarik proposatu". 

https://aiaraldea.eus/laudio/1610106018598-laudioko-gaztetxea-desalojatu-dute-udaltzainek

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal