lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 15/11/2024

"Lo Que no te Cuentan de Donosti"-ren erreplikak sortu dituzte Gasteiz eta Iruñean

Zigor Olabarria Oleaga
Gasteizko kontuak ez du jarduerarik momentuz, baina Iruñekoak 500 jarraitzailetik gora ditu eta urrian mobilizazio bat antolatzeko zorian egon zen.

Lo Que no te Cuentan de Donosti (Donostiaz kontatzen ez dizutena) Telegram eta Instagram taldeen sustatzaile anonimoek Gipuzkoako hiriburuan erabilitako formula Euskal Herriko beste hiriburu batzuetara zabaldu nahi dutela ematen du. Donostiako Telegram taldearen administratzaileetako batek, Jumima ezizenekoak, izen bereko taldeak sortu ditu Gasteiz eta Iruñerako.

Lo Que no te Cuentan de Pamplona (Iruñeaz kontatzen ez dizutena) Telegram taldea urriaren 1ean sortu zuen Jumima erabiltzaileak, eta albiste hau idazteko orduan, hilabete eta erdi igarota, 544 kide lortu ditu. Lo Que no te Cuentan de Vitoria (Gasteizen inguruan kontatzen ez dizutena) irailaren 26an sortu zuen erabiltzaile berak, baina talde horrek hiru kide ditu soilik, eta ez du jarduerarik. Espainiako Estatuari begira ere ari da Jumima, Gasteizko taldea sortu zuen egun berean ere sortu baitzituen Lo Que no te Cuentan de Barcelona eta Lo Que no te Cuentan de Madrid taldeak. Azken bi horiek ere ez dute jarduerarik gaur-gaurkoz, eta kide bakarra Jumima bera da. Lau taldeetan errepikatzen den administratzaile bakarra aipatu Jumima erabiltzailea da.

Sortu berri dituzten Telegram talde horietatik guztietatik Iruñekoak soilik ditu kide berriak eta jarduera, esan bezala, eta Donostiako taldearen eduki antzekoak daude bertan ikusgai: delinkuentzia eta pertsona arrazializatuak lotzen dituzten albisteak, asko eskuin muturreko hedabideetatik hartutakoak; pertsona arrazializatuen irudi eta argazkiak, delitugileak izatea leporatuta; eta taldekideen muturreko iruzkin arrazistak, tartean pertsona arrazializatuen aurkako biolentzia aldarrikatzen dutenak.

Mobilizazio saiakera Iruñean

Urriaren 9an, Iruñeko Arrotxapea auzoan, gazte arrazializatu batek 20 urteko emakumea hil zuen labankadaz. Iruñeko Telegram taldean bolo-bolo ibili ziren albisteen inguruko informazioak eta iruzkin arrazistak, eta kideetako batzuek mobilizazio bat egitea aldarrikatzen hasi ziren. “Adi egon talde honi eta sare sozialei! Laster elkarretaratzea antolatuko da, talde honi eta gainerako sareei ahalik eta laguntza handiena eman!”, idatzi zuen orduan administratzaileetako batek, eta deialdia legeztatzea eta jendea agertuko zela ziurtatzea garrantzitsua zela azpimarratu zuen.

Erabiltzaileetako batek eguna eta tokia proposatu zituen: urriaren 11ko ostirala, Sarasate pasealekuko PSNren egoitzaren aurrean. Jumima administratzaileak inkesta bat bidali zuen, “Ostiraleko kontzentraziora joango zara?” galderari baiezkoarekin edo ezezkoarekin erantzuteko aukera ematen zuena. Soilik 27 pertsonek bozkatu zuten, eta ez zuten mobilizaziorik egin. Handik hamar egunera, urriaren 21ean, Lo Que no te Cuentan de Donosti taldeak egin zuen bere lehenbiziko kontzentrazioa KAS Kaleko Afari Solidarioak taldearen eta kalean bizi diren herritarren aurka.

Donostian mobilizazio arrazistak bultzatzen dituen Telegram kanalaren erreplikak sortu dituzte Gasteiz eta Iruñerako (argia.eus)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal