lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/05/2023

M28: Euskal Herri langileak apurketa!

JARKI
Martxan dira zirku elektoralaren antzerkia eta honi segika doakion maskarada.

Martxan dira zirku elektoralaren antzerkia eta honi segika doakion maskarada. Baina egunerokotasunari begirako zenbait hobariez aparte, klase ikuspegitik instituzio burgesen baitako langileon parte hartzea antzua da. Izan ere, instituzio hauek burgesen faborerako eta bere nagusitasuna eta ekoizpen harremanak sostengatzeko diseinatuta daude. Hauetan parte hartzeak hauek zilegitzeaz gain, langileok azpiraziora kondenatzen gaitu. Bozka langileria alienatzeko eta haren azpirazio egoera betikotzeko tresna gisa baliatzen baitu demokrazia burgesak, langileon parte hartzea berau zilegitzeko baliatzen duelarik. Horrela, kapitalak langileon esku uzten du bere zapalketaren erantzulea den sistemaren zilegitzea.

Gauzak horrela, udal eta foruen arteko diseinua euskal burgesiaren nagusitasuna bermatzera bideratuta dago, burgesiaren interes ekonomikoak hauspotzen dituen lehen marko instituzionalak direlarik. Diseinu horretan, botere ekonomikoari eta lurraldeari begirako izaera garrantzitsuko erabakiak Foru Aldundiaren esku geratzen dira. Horren adibide da zergak eta diru-bilketa probintzia bakoitzeko foruaren ogasunaren esku egotea, honi dagokiolarik diruaren kudeaketa eta banaketa. Beraz, udaletxeen bitarteko zuzeneko esku-hartzearen irudia langileriari iruzur egiteko eldarnioa besterik ez da, benetako botere ekonomikoa eta politikoa langileon egunerokotasunetik urrun dauden instituzioen esku baitago.

Ildo beretik, udal hauteskundeak langile klasearekin egunerokotasunean hartu-eman handiena duen instituzioari begira izan arren, argi izan behar dugu hauek konstituzio eta erregimen burgesarengatik mugatuta daudela. Hori dela eta, nazio izaerari dagokionez, Euskal Herriaren izatearen ukazioa birproduzitzen dute, asimilaziorako tresna izanik. Era berean, tokian tokiko burgesiaren indar faktikoak sostengatzeko baldintzak sortzeko aukera ematen dute, honen mesedepeko sare klientelarra sortzeko bitartekariak eskaintzen dituen heinean. Horrela, ustelkeriarako eta langile klasea engainatu zein alternatibak usteltzeko zein alferrik galtzeko lehen jomuga dira. Hurbiltasunaren argudioaren pean pertsona bozkatzen dela esan arren, hauek intentzio onak edukita ere aldaketa gutxi erdietsiko dituzte langileontzat., frustrazioa sortu edota izaera eraldatzaileko planteamenduak irteera gabeko bidegurutzera kondenatuz, hauek neutralizatuz edota irentsiz. Izaera partzialeko zenbait hobari edota estatuen zapalkuntza arintzeko beta besterik ez dute ematen, baina estatuaren jardunarekiko izaera osagarria dute. Ez dute, inolaz ere, estatuaren errotiko planteamenduari so eginez, mehatxurik suposatzen.

Alta, etsaiak ez du onartuko berak markatutako joko esparruan bere nagusitasuna auzitan jar dezakeen zein honenganako mehatxua suposatu dezakeen planteamendurik. Hortaz, bertako parte hartzea hasieratik mugatua da, iraultzarako aukera errotik moztuta duelarik. Azken finean, udalak eta Foru Aldundiak, erkidegoekin batera, espainiar estatuaren eraikuntza instituzionalaren oinarri eta sostengu dira, nazio identitatearen asimilazioari eta klase zapalketari bide ematen dion lurralde banaketaren oinarrizko unitatea, alegia.

Laburbilduz, hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi guztiek, ñabardura ideologikoak alde batera utzita, Euskal Herri Langileari hauteskundeak aurkezten dizkiote alternatiba eta aterabide bakar gisa. Euren proiektu politikoa sistema kapitalistaren baitako demokrazia burgesera mugatuta, planteamendu erreformista dauka alderdi orok. Aitzitik, sistema kapitalista, frantziar eta espainiar estatuak ezin dira erreformatu. Klase Eraikuntza Nazionalari begira, apurketa politikoa da aterabide bakarra. Indarrean dauden instituzioak ukatzen dituzten eta hauei konfrontazio parametroetan kontrajarriak zaizkien herri erakundeak antolatu behar ditu Euskal Herri Langileak. Horrela, mugimendu iraultzailearen lehen hastapenak estatuek inposatutako legalitate eta markoetatik kanpo langile antolakuntzatik eratorriak izan behar dira. Izan ere, langileon askapena ez da inposatzen zaizkigun instituzioen eskutik etorriko, Euskal Herri Langileak eraikitako kontraboterearen eskutik baizik. Bide horretan, kontzientziazioa eta antolaketa dira eman beharreko lehen urratsak.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal