Molotov koktelekin eraso dute Baionako Suprefetura

Atzo gauean hiru molotov koktel jaurti zituzten Baionako Suprefeturara. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak agertu duenez, goizaldean gertatu da erasoa, 04:00ak aldera. Zenbait kalte eragin dituzte: su jaurtigaietako bat teilatuaren gainera erori da, eta besteren bat hesiaren ondoko belar gainera.
Baionako prokuradoreak adierazi du ikerketa bat abiatu dutela, eta auzia Polizia Judizialaren esku utzi dutela. “Oraingoz hipotesi guztiak zabalik ditugu, eta ez dugu motibazioari buruzko datu argirik”. Besteak beste, suprefekturako eta inguruko segurtasun-kameren grabazioak aztertuko dituzte, baita telefono bidezko komunikazioak ere. Prokuradorearen arabera, horrelako ekintzen egileek hamar urteko espetxe-zigorra jaso dezakete.







