lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 25/07/2017

Mozolomendi ez ikutu!

Mozolo Kolektiboa
Pasa den ostiralean udaltzainek udaleku ibiltarian zebiltzan hainbat gazte kanporatu zituen Mozolomenditik, bertan sartu eta gazteei giltzak lapurtu ostean.

Mundu berri bat darabilgu esku artean

Pasa den ostiralean udaltzainek udaleku ibiltarian zebiltzan hainbat gazte kanporatu zituen Mozolomenditik, bertan sartu eta gazteei giltzak lapurtu ostean. Ez dugu ikerketa handiegirik egin behar izan ziurtatzeko erasoa nondik etorri den, eta munipek dioten bezala: “goitik”, hau da udaletik, PNVren udaletik.


Egia esan, gertaerak ez gaitu harritu. Inondik inora! Izan ere, argi baitaukagu gurean PNVk ordezkatzen duen burgesiaren interes eta kapitalaren logikatik ateratzen den edozein ekimen errepresioaren jo-puntuan dagoela.


Gainera, ez dira berriak Mozolomendiren bueltan udal agintariek zein poliziak, zipaio zein munipek, egindako urratsak. Aurreko udan zipaioak sartu ziren; beranduago munipak gazte bat identifikatzen saiatu ziren; alkate ordea eraikineko etxe bat irekitzen harrapatu genuen; munipak eraikinean bueltaka ibili izan dira bertako jarduerak kontrolatzeko...eta orain hau! 2013an okupatu genituen etxe hauek, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Orduz geroztik, dozena batetik gora izan dira eraikin honetan aterpea aurkitu duten pertsonak. Urteetan zehar hutsik eta abandonatuta zeuden etxeei bizia eman diegu. Eta bizia ematen jarraituko dugu, gaur egun bertan ere hainbat lagun bizi direlarik.


Horretaz gain, ikasturte honetan zehar, okupatutako bost etxeetako bi espazio sozial bezala erabiltzeko atondu ditugu. Herri mugimendutik, herri mugimendua eta herriarentzat. Bertan tailerrak, hitzaldiak, asanbladak, propaganda edota behar dena egiteko. Baita konspiratu eta amesteko ere.


Geldika, baina sakon, pauso txikiak ematen goaz, geure erritmoan. Eta horrela jarraituko dugu! Asanbladan eta auto-antolakuntzan oinarrituta, zuen munduarekin zerikusirik ez duen mundu bat eraikitzen saiatuko gara. Ez dugu zuon munduan bizi nahi: esplotazioan, jabetza pribatuan, soldatapeko lanean, prekarietatean, hipoteken esklabutzan, naturaren txikizioan, patriarkatuan, hierarkian edota biolentzian oinarrituko mundua. Kapitalismoa suntsitzea ezinbesteko baldintza da! Eta ez, ez daukagu asmorik gure gazteluan gotorturik gelditzeko. Mundu berri baten proiektua daukagu esku artean, eta hau herrira zabaldu nahi dugu, herri osora. Elkartasunean, elkar-babesean, kooperazioan, berdintasunean, balore komunaletan oinarritutako proiektua ahalik eta eremu gehienetara zabaltzen ahaleginduko gara. Behar bada herriko espazio gehiago okupatu eta berreskuratuz.


Aspalditik ezagutzen gara! Badakigu zuen kontrolpetik kanpo dauden ekimenak existitzeak urduri jartzen zaituztela, amorrarazi! Are gehiago, lorez apaintzen saiatzen zareten zuen proiektu politiko kapitalista eta zapaltzailea zalantzan jarri ezkero. Baina argi izan zuen instituzio burgesetatik kanpo ere bizitza dagoela, bagaudela, eta ez garela bat ez bi, baizik eta askoz ere gehiago! Eta beharrezkoa denean, kasu honetan bezala, erasoen aurrean geure burua defendatu egingo dugula.


Mozolomendin dagoen autoritate bakarra gure hitzetatik, ekintzetatik eta desioetatik eratortzen den boterea da: herri boterea. Udala ohartarazi nahi dugu gauza batez: ahaztu, ahaztu behingoz espazio hori udalarena dela, zuona. Espazio hori herriak berreskuratu du, besteak beste, etxebizitzaren problematikari dagokionean, zuok sortzen duzuen miseriari aurre egiteko. Ahaztu beraz; eta ondorioz, oroitu: Mozolomendi herriarena da! Eta bukatzeko, gonbidapena, bai herritarrei eta baita herri mugimenduko adierazpen ezberdinei. Bai Mozolomendi ezagutu edota erabiltzeko, baina baita ere kapitalismoa apurtu eta balore komunaletan oinarritutako mundu berria eraikitzeko ahaleginean sarea osatzeko. Eta gonbidapena ere, Euskal Herriko gaztetxe, asanblada edota edozein kolektibori, baita udalekuetan etorri eta lo egiteko bada ere!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal