Nafarroako Caritasek artatutako pertsonen artean %79 jatorria atzerrian dute
2024ean 4.111 pertsonari eman die arreta Caritasek, eta guztira 10.452 pertsona izan dira onuradun. Pobrezian eta gizartetik baztertuta dauden pertsonekin egiten dute lan, baina ez hori bakarrik, arrisku egoeran daudenekin ere prebentzio lan eskerga egiten dute baita ere.
Aurten emakume gehiago, %62 artatu dituzte gizonak baino %38. 30 eta 64 urte arteko pertsonak izan dira erabiltzaileak, gehienak, %79 jatorria atzerrian dutenak. Horietatik, %41ean paperik gabekoak, eta horien artean erdia baino gehiago ikasketa maila altuak dituztenak.
1.300.000 euro bideratu ditu Caritasek behar gehien dutenen artean. Gehiena, elikadurarako izan da. Ondotik ditu: osasuna eta ongizatea, hezkuntza eta etxebizitza. Azken horretan jarri dute soa. Izan ere, Foessa txostenak jaso du, gizarteratze arazo larriak dituztenen artean hamar pertsonatik bederatzik dituztela arazoak etxebizitzarekin. Eta bai, ari dira neurriak hartzen, tentsionatutako guneak adibidez, baina ez dira nahikoa izanen egoerari aurre egiteko. "Laguntzak, obariak… ematen dituzte, eta egoera arindu dezakete baina ez dute soluziorik bideratzen", ohartarazi dute. Caritasek artatzen dituen herritarren artean %56a etxebizitza konpartitzen ari da. 5.500 etxebizitzatan bizi dira pilatuta, 13.000tan mugikortasun arazoak dituztenentzako trabak dituzte, 23.000tan etxebizitzara bideratzen da diru sarreren %40 baino gehiago, 17.000 dira seguruak ez diren etxebizitzak (okupatutako etxebizitzak, hitzezko kontratuekin…) eta 13.000 etxebizitza ez da egokia (argirik gabe, edo urik gabe edo gutxieneko zerbitzurik gabe).
Horrez gain, etxerik gabeko pertsonei ere ematen diete arreta. Aurten 117 izan dira. Eta lehenetsi egiten dituzte, adin txikikoak dituzten familiak. San Miguel eguneko zentroan eta harrera gunean hartzen dituzte.