lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/11/2024

Nafarroako Gobernuak euskara ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren azpitik baloratuko du

La Haine - Euskal Herria
Atzo onartu zuten dekretu berriarekin, eremu ez-euskalduneko lan deialdietan euskara ez dute baloratuko.

Nafarroako Gobernuak atzo goizean onartu zuen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretua, Merezimenduen Dekretua izenez ere ezaguna. Hartan, besteak beste, administrazioko lan deialdi publikoetan euskarak meritu gisa izan beharreko lekua arautu zuten. Nafarroako Gobernuak ohar bidez azaldu duenez, dekretu berriarekin, ez da aurrez ezarrita egongo zer hizkuntza baloratu behar diren. Euskarari dagokionez, bide emango du eremu mistoan ere euskara meritu gisa baloratzeko, baina ez dute modu orokorrean egingo: “Lanpostuarekin eta haren ezaugarri zehatzekin zerikusia dutenean egingo da, eta deialdi bakoitzean balorazio indibidualizatua egingo da’’. Hau da, dekretuaren arabera, kasuan-kasuan egingo dute azterketa, eta kontuan hartuko dute jendaurrean arituko diren ala ez.

Euskararen aldeko hainbat eragile ez dute begi onez ikusten dekretua zenbait arrazoiengatik. Orain arte, legeak ezarritako eremu “ez-euskaldunean” euskararen ezagutza baloratu ahal izan da lanpostu batzuetarako. Dekretu berriarekin, berriz, hori ere ezabatu da eta Nafarroan ofizialak edo berezkoak ez diren atzerriko hizkuntzak baloratu ahal izango dira, esaterako, ingelesa, frantsesa eta alemana.

Eremu “mistoan”, 1994an euskararen ezagutza %10 eta %5 baloratzen zen, 2009tik aurrera lanpostu batzuetan %3 eta besteetan %6. Orain ordea, gutxieneko balorazio orokortu hori ere baztertu dute Dekretu berri honekin eta lanpostu jakin batzuetan soilik baloratu ahalko da euskararen ezagutza.

Horrez gain, dekretuak ezabatu egin du Osasunbideko osasun-lanpostuetarako eremu mistorako balorazio generikoa – 2017ko zirriborroan jasotzen zena –. Erredakzio berriaren arabera, bai Osasunbidean, bai Administrazioaren gainerako eremuetan, deialdietan "banaka aztertuko da" euskara zein plazatan baloratuko den.

Datuak aztertuz, 2023ko plantilla organikoan lanpostu publikoen %2 inguru dira soilik euskararen nahitaezko ezagutzaren bat perfilatua duten lanpostuak Nafarroan, eta horietako gehienak legeak ezarritako eremu euskaldunekoak dira.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal