Nahel gaztea erail zuen polizia Ipar Euskal Herrira lekualdatu dute


2023ko ekainaren 27an, Parisko aldirietako Nanterre hirian, auto bat gidatzen ari zen 17 urteko gazte bat tiroz erail zuen Poliziak. Motoan zihoazen polizia hori eta bere kide bat, eta, fiskaltzaren arabera, agente horrek argudiatu zuen, hasieran, tiro egin zuela beren osotasun fisikoa arriskuan ikusi zutelako. Sare sozialetan zabaldutako eta AFP Agence France-Presse berri agentziak egiaztatutako bideo batek, ordea, bertsio hori gezurtatu zuen. Bideo horretan ikus daiteke bi agente nola ahalegintzen diren auto bat geratzen. Polizietako batek leihotik pistola batekin apuntatzen dio ibilgailu barruko gidariari, eta tiro egiten dio, gidariak, itxuraz, gidatzen jarraitzen duen bitartean. Autoak metro batzuk egiten ditu, bidetik atera eta seinale bat jotzen duen arte.
Nahelen erailketaren testuinguruan istilu larriak gertatu ziren hainbat herri-auzoetan frantziar Estatu osoan. Milaka eta milaka jende batu ziren, bestalde, gaztearen omenez antolaturiko mobilizazioetan.
Libération komunikabideak azaldu duenez, hiltzailea duela hilabete batzuk bueltatu zen lanera, zehazki iragan martxoaren 17an bueltatu zen, Bruno Retailleau buru duen Barne Ministaritzak baimena emanda. Era berean auzitegian bere burua defendatzen laguntzeko ondoan izan duen abokatuaren fakturak Barne Ministaritzak ordaindu ditu. Hilketaren akusazioari erantzuteko zigor auzitegiaren aurrean agertu beharko du poliziak. Litekeena da auzia 2026an iragaitea, baina datarik ez dago oraindik. Bitartan, Poliziak amets zuen tokira bidali dute, Ipar Euskal Herrira. Nahelen heriotza argitzeko xedez eginiko ikerketaren denboran bere hurbilekoek mahaigainean eman zuten hori zela agentearen nahikeria.