Naparraren desagerketaren erantzule egiten du Terrorismoaren Biktimen Memorialak ETA

Erakusketa ireki dute Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Memorialean. Desagertuen erakusketa jasotzen du, besteak beste. Esposizio horretan, Jose Miguel Etxeberria Naparraren bahiketa, hilketa eta desagertzeari buruzko hainbat eduki bildu dituzte. Erakusketako karteletan haren heriotzaren inguruan ematen den informazioak, ordea, familia haserrearazi du: ETA? BVE? izenburupean, erakusketako kartel batek Naparra ETA militarrak hil izanaren teoria aurkezten du lehenik, hipotesi nagusi gisa. BVE Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarrak hil izanaren teoria, berriz, hipotesi alternatibo gisa aurkezten du, eta familiari eta ezker abertzaleari egozten die haren defentsa.
José Miguel Etxeberria Álvarez, Naparra ezizenaz ezaguna, ETA eta Komando Autonomoak erakunde armatuetako kidea izan zen. 1978. urteko ondarrean erbesteratu zen Ipar Euskal Herrira. 1980ko ekainaren 11n etxetik irten zen Ziburura, norbaitekin zuen topaketa batera. Orduan desagertu zen; Ziburun ikusi zuten azkeneko aldiz, eta geroztik ez da gehiago jakin hari buruz. Batallon Vasco Español (BVE) erakundeak Deia egunkariari eginiko dei baten bidez jakinarazi zuen bahitu eta Donibane Lohitzuneko Xantako inguruan ehortzi zuela. Senide eta kideek Naparraren bila aritu arren, ez zuten aurkitu. Bitartean, BVE erakundeak ohar gehiago kaleratu zituen lurperatuta zegoen beste toki batzuk adieraziz. Frantziako auzitegiek 1982an utzi zuten bertan behera ikerketa, zantzu berriak agertu artean. 2016an Mont-de-Marsan ondoko udalerri bateko haritzen paraje batean zegoela azaldu zen.
Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren edukiak “manipulatuak eta faltsuak” direla salatu du Naparraren familiak. Hauek adierazi dutenez, euren duintasuna erasotzen dute erakusketa horretan eta senideengan birbiktimizazio sakon eta mingarria sortzen dute. “Errelato horri eutsi egiten diote gaur gaurkoz jakinda Batallon Vasco Navarro zebilela anaiaren desagertzearen atzean", azaldu du Naparra zenaren anai Eneko Etxeberriak. Era berean, publikoki barkamena eskatzeko eta esandakoa zuzentzeko eskatu dute.







