lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 07/05/2024

Otxantegi Herri Lurra hustu du Ertzaintzak

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno
Indar erakustaldi handi bategaz, hirugarren saiakeran, Berangon okupatutako lursailak hustu dituzte, pertsona bat atxilotuz eta beste bi zaurituz.

"Milioika euro balio duen proiektu urbanistiko" bat geldiarazteko eta Otxantegi Herri Lurra izeneko egitasmoa agroekologikoa martxan jartzeko asmoz, Otxandategi dorretxea eta haren lursailak okupatu zituzten 2022an. Bi urte beranduago, hutsarazte saiakera bi egin dituzte epaitegien aginduz, baina Ertzaintzaren "baliabide nahikorik" ez zituztela esanez, birritan atzeratu zuten hustuketa, azaroan eta apirilean.

Atzo, ordea, izugarrizko baliabideakaz agertu zen Ertzaintza, eta goizean goizetik aritu zen ingurua desalojatzen. Sarreran babesa ematera hurbildutako kideak kanporatu zituzten agenteek lehenengo, eta lurrak eta dorretxea defendatzen ari zirenak gero. Kanpoan, ekintzaileek eserialdia egin dute, "erresistentzia baketsua" egin guran; horiek banan-banan kanporatu zituzte, baita identifikatu ere. Ondoren, Ertzaintza dorretxera sartu zen mailuen bidez, eta bertan gotortuta zeudenak kaleratu zituzten, teilatukoak baita ere. Azkenik, 13:00ak aldera, sarrerako egurrezko egituran eskegita zegoen ekintzailea jaitsi eta identifikatu zituzten. Ekintzaile guztiak kanporatuta, sarrailagileak sartu ziren ingurua ixteko. Guztira, 40 pertsona baino gehiago identifikatu ditu Ertzaintzak, desobedientzia egotzita.

Ekintzaileek ohartarazi dutenez, eserialdian eta barruan gotortuta zeudenek "mehatxu psikologiko handiak" jaso dituzte polizien partetik, eta kazetaririk ez zegoela aprobetxatuta ertzainek erabilitako biolentzia salatu dute, "jendea kolpatzen aritu dira etengabe". Hala eta guztiz ere, nabarmendu dute, kanporatu dituzten arren, lurraren espekulazioaren kontra “borrokatzen” jarraituko dutela. Era berean, gerturatutako herritarren babesa ere eskertu dute, eta “beste estrategia” batzuk erabilita “etxebizitza proiektu espekulatzaileari” aurre egingo diotela iragarri dute.

Horrez gainera, ekintzaileetako batek zitazio judizial bat jaso du eta, dirudienez, epaiketa du zain, proiektu urbanistikoa atzeratzearen arduradun gisa.

https://hiruka.eus/berango/1715077610585-otxantegi-herri-lurra-hustu-du-ertzaintzak-eta-lagun-bat-atxilotu-dute

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal