lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 18/08/2024

Palestinar herriari elkartasuna adierazteko milaka pertsona mobilizatu dira Bilbon eta Donostian

Agentziak/La Haine
Manifestazioetan palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea, Israelgo erregimen genozidaren desegitea, eta sionismoaren konplizeen kontra borrokatzeko beharra aldarrikatu dituzte.

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren deialdiari jarraituz, asteburu honetan milaka pertsona mobilizatu dira Palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta Israelen eta Mendebaldeko konplizeen jokabidea salatzeko. Ostiralean, Aste Nagusian ere, Israel borrokatu lelopean, Bilboko Plaza Eliptikotik abiatu zen manifestazioa, eta Arriaga plazan amaitu zuten protesta. Han irakurritako agirian, Aste Nagusian Palestina presente egotea exijitu zuten: “Une guztiak dira onak genozidioari aurre egiten jarraitzen duen herri duin eta ausarta ikusarazteko”. Plataformaren ustez, jaiak “aldarrikapen diferenteak sozializatzeko beste gune bat” dira, eta horregatik egin dute lan hainbat jai batzorderekin, aldarrikapen batzuk azaleratzeko asmoz. “Palestinako herriari eta bere erresistentziarako eskubideari babes osoa adierazi behar diogu” adierazi zuten. Eta gehitu zuten ezin dela ekidistantziarik egon, Palestinan gertatzen ari dena ez baita berdinen arteko gatazka bat: “Hemen, entitate genozida bat eta bere askatasunarengatik borrokatzen ari den herri bat daude; beraz, ezin dira inolaz ere zapaltzailea eta zapaldua berdindu”. Era berean, azpimarratu zuten “basakeria koloniala” ezin dela berdindu “jatorrizko herri baten autodefentsa zilegiarekin”.

Israel eta haren konplizeen aurka borrokatzea ere ezinbestekotzat jo zuten, eta Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrerak kritikatu zituzten. Alde batetik, salatu zuten Espainiako Gobernuak, nahiz eta irudia garbitu nahian Palestinako Estatua aitortu duen, “eskuak odolez zikinduta” dauzkala, Israelen bazkide nagusietako bat delako “armen salerosketan eta bestelako harreman komertzialetan”. Bestetik, gogoratu zuten Frantziako Gobernua “sionismoaren babesle aktiboa” dela. Bide horretan, kolaborazio horiek eten daitezen presio egitea exijitu zuten, boikota, desinbertsioa eta zigorrak eskatuz.

Hurrengo egunean, larunbatean, 2.000 lagun inguru batu ziren Donostiako mobilizazioan. Manifestazioa, bulebarretik abiatu zen Parte Zaharrean barrena “Israel boikot, Palestina askatu”, “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile” eta “Ez da gerra, genozidioa da” oihu artean. Bukatzean agiria irakurri zuten, eta segidan, aipatu zituzten Donostian azken denboraldian emandako gertakaerak: Lehenik eta behin, Donostiako Klasika bizikleta lasterketan, Israelgo taldeak parte hartu izana. Bigarrenik, Marruma Tabernan Palestinaren aldeko kartel bat indarrez kendu eta bertako langileari oldartu zitzaion sionistaren kasua. Eta, hirugarrenik, kaleetan Palestinaren alde zein Israelen aurkako jarritako kartelen eta pankarten kentzea. Amaieran borrokarako deia egin zuten: “Palestinarren erresistentzia mundu osoko zapalduontzat eredugarri izaten ari den honetan, guk ere biderkatu dezagun sionismoaren eta bere kolaboratzaileen kontrako borroka”.

(Irudiak:Palestirarekin Elkartasuna)

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal