lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/01/2024

Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazio nazionala antolatu du urtarrilaren 27an

Sara Ibarguren
"Sionismoarekin konplizitaterik ez" lemapean Ordiziatik abiatuko da manifestazioa, goizeko 12:00etan.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak prentsaurrekoa egin du urtarrilaren 27an Ordizian antolatu duten manifestazio nazionala iragartzeko. Azaldu dutenez, manifestazioa San Bartolome auzotik abiatuko da, 12:00etan, “mendebaldeko gobernuen, erakundetutako alderdi politikoen eta enpresen (Sener, Carrefour) konplizitatea salatzeko, bereziki, CAF trenbideen euskal enpresarena”. Prentsaurrekoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egitea erabaki dute, izan ere, aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio urtarrilaren 12an Andres Arizkorretari (Donostia, 1956), CAFeko egungo presidenteari.

Dinamikako kideen arabera, CAFek eta Saphir eraikuntza enpresa israeldarrak Jerusalemgo tren arinaren hedapenean parte hartzen dute (JLR ingelesez). “Tranbia horrek hiria Israelen legez kanpoko koloniekin lotzen du Palestinako Lurralde Okupatuan”, nabarmendu dute prentsaurrekoan.

Proiektu hori “legez kanpokoa” dela adierazi dute: “Proiektu horrek, palestinarren jabetzak konfiskatu, lurralde palestinarra erantsi, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak lekualdatu eta kolono sionistak Palestinako Lurralde Okupatura transferitzea ahalbidetzen du”.

Salatu dutenez, erakunde sionistak “nazioarteko komunitatea deritzon eta CAF bezalako enpresen konplizitateari esker baino ezin du mantendu palestinarren aurkako okupazio, kolonizazio eta apartheid erregimena”.

Palestinarekin Elkartasuna dinamikako kideen ustez, CAFek eta bere akziodunen parte direnek, hala nola Eusko Jaurlaritzak, “Palestinako genozidio sionistari laguntzen diote”. Horiek horrela, mundu osoko kolektibo eta gizarte eragile askok “sionismoaren konplize izateari uzteko” eta “erakunde sionistarekiko kontratu guztiak bertan behera uzteko” eskatu diote CAFi.

“Borrokan eta presioa egiten jarraitzeko unea” dela adierazi dute, “eskuineko zein ezkerreko alderdi politikoek Israelekin era guztietako harremanak eten ditzaten eta Palestinaren aurka armak bidaltzen dituen Espainiako estatuari babesa emateari utz diezaioten”. Era berean, enpresei, erakundeei eta Espainiako eta Frantziako estatuei “sionismoarekiko konplizitate oro” amai dezaten eskatu diete.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal