Palestinarekin Elkartasunak mobilizazioak egingo ditu "Iranen aurkako eraso inperialista" salatzeko


Israel desegin Iranen aurkako eraso inperialista gelditu lelopean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak hainbat mobilizazio egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ostegunean Iruñeko Udaletxe plazan, Donostiako Boulevarrean eta Gasteizko Andramari Zuria plazan, 19:00etan, eginen dituzte mobilizazioak, eta ostiralean, Bilboko Areatzan.
Joan den ekainaren 13an operazio bat abiatu zuen Israelek Iranen: azpiegitura militarrak eta bizitokiak izan zituen jomuga, eta 70 lagun baino gehiago hil zituen; tartean, kupula militarreko lau goi kargudun, eta sei zientzialari. Iranek erasoei erantzun zien, misilak jaurtiz Israelera.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak ohar bidez erran duenez, ekintza horiek guztiek "Israelen eta Mendebaldeko inperialismoaren izaera terrorista eta suntsitzailea" erakusten dute: "Inguruko herrialdeen kontrako erasoak, bonbardaketa masiboak eta erailketa selektiboak zigorgabetasun osoz aurrera eramaten dituztelarik". Bada, ekimenaren irudiko, gertakari horiek tentsioa piztu dute, eta jarduera militarra areagotu: "Iran mehatxu gisa aurkeztu nahi du Israelek munduaren aurrean, arma nuklearra lortu nahi duela argudiatuz. Israelen benetako helburua Iran desegonkortzea da, eta horren isla da Irango azpiegitura militar eta energetikoei erasotzen ari dela".
Nabarmendu dute Iranen erantzuna defentsiboa dela, "Israelen eta, oro har, Mendebaldeko inperialismoaren interesei azpiratua ez izateko" Salatu dute, halaber, Mendebaldeko gobernuek "Israelen defentsarako eskubidea" aldarrikatu izana: "Ia bi urtez ikusi dugu nola defendatzen den Israel: populazio zibilari gupidarik gabe eraso eginez, ospitaleak eta eskolak bonbardatuz, hamarnaka mila pertsona erailez eta milioika pertsonaren gosetea hedatuz".
“Israelek AEBen laguntzarekin eta mendebaldeko potentzien konplizitatearekin Iranen aurka abiatu duen ofentsiba salatzeko, eta Irango herriarekiko elkartasuna erakusteko elkartuko gara”, adierazi dute.