Palestinaren alde milaka lagun mobilizatu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Palestinaren alde, genozidioaren kontra eta Israeli boikota egiteko eskatzeko sindikatuek nahiz herri eragileek deitutako goizeko lanuzteetan eta mobilizazioetan herritar ugarik parte hartu dute Hego Euskal Herrian. Grebak eta lanuzteek jarraipen zabala izan dute industrian eta hezkuntzan, eta zenbait enpresatan produkzioa eten behar izan da. Protesta ekintzak ugariak izan dira herri eta eskualde guztietan, baina sindikatuek Hegoaldeko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazio jendetsuenak. 110.000 pertsona baino gehiago elkartu dira, LAB sindikatuaren arabera, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako manifestazio nagusietan.
Lanuztearen eragina nabarmena izan da Bilboko eta inguruko industriaguneetan: Gestamp Bizkaia, Cementos Lemona, Cemosa, Protec Arisawa, Tamoin, Artiach, Unilever eta Elkar argitaletxea geldirik geratu dira edo jarduera minimoarekin aritu dira. Zerbitzu publikoetan ere jarraipen zabala izan da: Osakidetzan, Eusko Jaurlaritzan, garraio publikoan eta hezkuntzan ehuneko 60tik gorakoa izan da parte-hartzea. No al negocio con el genocidio. Langileok Palestinarekin lelopean, eguerdiko 12:30ean, beraz, abiatu da mobilizazioa Jesusen Bihotzetik. 55.000 lagunek Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorrarekin bat egin dute. Donostian, eguerdiko manifestazio nagusian zein aurretik, jendetza atera da kalera. 18.000 lagunek hartu dute parte manifestazioan, antolatzaileen arabera. Araban, lanuzteak egin dituzte goizean milaka langilek, eta Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira asko eta asko, Palestinaren alde manifestazioan ateratzeko. Iruñean 15.000 lagun batu dira manifestaziora, antolatzaileen arabera. Mobilizazioaren une batean, gazte batzuk Burger King seinalatzen ari zirela, manifestarien aurka oldartu da Espainiako Polizia.
Mobilizazioak eta bide-mozketak egin ditu Palestinarekin Elkartasunak hiriburuetan
Arratsaldean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazio propioak egin ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Gasteizen, Palestinarekin Elkartasua plataformak deitutako manifestazioa abiatu dute 17:30ean, Katedral Berritik. Lovaina plaza hartu dute manifestariek, baita tranbia geldiarazi ere. Iruñean, ehunka pertsona bildu dira PSNren egoitza aurrean, Nafarroako eta Espainiako gobernu sozialistek konplizitatea salatzeko. Indar errepresiboek manifestarien aurka egin dute PSNren egoitzaren parean egin duten elkarretaratzea eta gero. Bestalde, Donostiako eserialdiaren ondoren Ertzaintzak hainbat laguni jarraitu die, eta taberna baten barruan atxikitu ditu. Tabernako sarrera itxi dute, eta manifestariak inguruan bildu dira. Bukatzeko, ehunka manifestarik eserialdia egin dute Bilbon ere, Jesusen Bihotza plazan, eta blokeatuta utzi dituzte errepideak eta tranbia zerbitzua.
Israel Palestinan egiten ari den "kolonizazioaren kontrako borroka" ez dela amaitu adierazi du Palestinarekin Elkartasunak bere irakurketan. Argi kritikatu dute zenbait agintarik "irtenbidetzat" jotzen duten bi estaturen aukera: "Genozidioa gelditzeko eta Palestinaren askatasuna erdiesteko, lurralde osoaren deskolonizazioa, preso palestinarren askapena eta errefuxiatuen itzulera bermatu behar dira. Ez dago Israelgo entitate kolonialarekin elkarbizitza posiblerik". Era berean, Palestinarekin Elkartasunak egin ohi duen moduan, palestinar erresistentziari babesa adierazi diote.
Azkenik, asteazken honetako lanuzte partzialean atarikoan iragarri moduan, nazioarte mailan greba orokorra antolatzeko premia nabarmendu du Palestinarekin Elkartasunak. "Euskal sindikatu gehienek, Palestinaren aldeko mugimenduak Euskal Herrian greba orokorra antolatzeko egindako deiari erantzun beharrean, CCOOk eta UGTk deitutako estatu mailako lanuzte partzialera batzeko deia egin dute, Ipar Euskal Herrian deialdirik egin gabe".
(Irudiak:Palestinarekin Elkartasuna)