lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 03/07/2026

Parisek errugabe jo ondoren, Espainiaratzeko arriskuan da orain Josu Urrutikoetxea

Xabier Letona Biteri
2026ko apirilean epaitu zuten Parisen 2002 eta 2005 artean ETAko kidea izatea leporatuta. Epaia ostegun honetan eman da ezagutzera eta Parisko Dei Auzitegiak errugabe jo du.

2019an atxilotu zuten Josu Urrutikoetxea Frantziako Estatuan, Alpetako herri batean. Orduan, Frantziako justiziak hainbat delitu leporatu zizkion, baina behin-behinean libre utzi zuen, estatu horretan zegozkion epaiketak egin arte. Urte hartan bertan, Espainiako Auzitegi Nazionalak bere Espainiaratzea eskatu zion Frantziako justiziari, hainbat delitu leporatuta. Harrez gero, Ipar Euskal Herrian bizi den Urrutikoetxea Frantziako Estatutik kanporatua izateko arriskuan dago. Prozesu hori hobeto ulertzeko, komeni da iraganera jotzea eta haren ibilbide historikoari erreparatzea.

Urrutikoetxea ETAko militante historikoa da, 1960ko hamarkadan sartu zen ETAn, frankismo betean, eta urte luzez erakunde armatuko kide izan da. Horregatik preso egon zen Frantziako espetxeetan 1989tik 1996ra eta, libre geratu ondoren, Espainiaratu egin zuten. Zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta Espainiako justiziak libre utzi zuen 2000. urtean, zigorra beteta. Urte horretan bertan ezker abertzaleko Euskal Herritarrok koalizioaren parlamentari hautatu zuten eta jardun horretan aritu zen 2001etik 2003ra. Azken urte horretan, ostera espetxeratu nahi zutela ikusita, klandestinitatera jo zuen berriz.

Espainiako Gobernuarekin ETAk 2006an izandako negoziazio prozesuan parte hartu zuen, eta horiek porrot egin ondoren sasira jo zuen ostera ere. Bere esanetan, ez zegoen ados ETAko zuzendaritzak prozesua eramandako moduarekin, erakundetik aldendu eta Alpeetako herri batean hartu zuen babes. ETAk borroka armatua uzteko prozesua zeraman garaian, erakunde armatuak eskatuta Oslora jo zuen Espainiako ordezkariekin mintzatzeko, baina Espainiako Gobernuak ez zuen bide hori erabili, eta berriz jo zuen klandestinitatera, 2019an Alpeetan atxilotu zuten arte

Atxilotu eta behin-behinean libre utzi ondoren, Espainiara kanporatua izateko arriskua bizi izan du etengabe. Auzitegi Nazionalak hainbat euroagindu eta estradizio eskaera egin zizkion Frantziako justiziari, eta Parisek aintzat hartu ditu horietako bi: batetik, leporatzen dio 1987an ETAk Zaragozako Guardia Zibilaren atentatua agindu izana; bestetik, Herriko tabernen auzian parte hartu izana ETAko buruzagi gisa. Urrutikoetxeak, ordea, bi epaiketari egin behar izan dio aurre denbora honetan eta horregatik ez da kanporatua izan, baina bi horietatik libre geratu ondoren, orain libre geratu da Espainiaratua izateko, eta hori da gerta litekeena datozen egunetan.

Urrutikoetxeak hainbatetan adierazi izan du berak ez zuela zerikusirik izan Zaragozako atentatuarekin –ETAk zortzi pertsona hil zituen bertan– eta Espainiako Justiziak Argala komandoko kideei leporatu zien ekintza, eta horregatik zigortu ere bai. 1996ko Urrutikoetxearen estradizio eskaeran, Auzitegi Nazionalak ez zuen aipatu Zaragozako atentatua eskaera hura argudiatzerakoan. Espainian espetxean izandako garaian, halaber, ez zion sumariorik ireki horregatik, eta libre geratu zen 2000. urtean. Orain, ordea, Guardia Zibilak esaten du froga berriak dituela Urrutikoetxea auzipetzeko eta horretan oinarritzen da Auzitegi Nazionala bere estradizioa eskatzeko. Gauzak horrela, Urrutikoetxea edozein unetan Espainiaratua izateko arriskuan legoke.

Iragan apirilean Lander Arbelaitz Argiako kazetariak elkarrizketa luzea egin zion Urrutikoetxeari, non, besteak beste, bere bizitza militanteari buruz sakon mintzatu ziren.

https://www.argia.eus/albistea/parisek-errugabe-jo-ondoren-espainiaratzeko-arriskuan-da-orain-josu-urrutikoetxea

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal