lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/09/2024

Polizia Metropolitanoak makrosarekada bat egin du Koreako Herriaren Alderdi Demokratikoaren aurka

La Haine - Euskal Herria
Indar errepresiboak alderdiaren egoitzan zein kideen etxeetara sartu ziren erregistroak, konfiskazioak eta atxiloketak egiteko, horietako batzuk epailearen agindurik gabe.

Abuztuaren 30ean, Seuleko Polizia Metropolitanoak makrosarekada bat egin zuen Koreako Herriaren Alderdi Demokratikoaren aurka, hainbat kide atxilotuz. Goizeko 7ak aldera, indar errepresiboak alderdiaren egoitzan zein kideen etxeetara sartu ziren erregistroak, miaketak, konfiskazioak eta atxiloketak egiteko, horietako batzuk epailearen agindurik gabe.

Operazio errepresibo hau Seuleko Erdialdeko Distrituko Auzitegiak alderdiko lehendakariaren aurka emandako atxiloketa-aginduaren ildora gertatu da, Segurtasun Nazionalaren Legea urratzea leporatuta. Lege horrek, komunismoaren goraipamena erabat kriminalizatzetik haratago, Amerikako Estatu Batuetako txotxongiloa den Hego Koreari tresna eta oinarri legalak ematen dizkio edozein alternatiba iraultzaile errotik mozteko, edo status quoa kolokan jar dezakeen Korea bateratzeko edozein ahalegin gogor zigortuz.

Horiek horrela, argi geratzen da marko legal horren atzean demokrazia burgesen interesak eta indar inperialisten presentzia mantentzea dagoela, Koreako penintsulan uneoro Amerikako Estatu Batuetako armadaren 25.000 efektibo daudelarik, edozein militante etengabeko salbuespen-egoera batera jardutera eta bizitzera behartuz.

JARDUN Koordinadoraren elkartasun mezua

Hori guztia kontuan hartuta, JARDUN Koordinadoratik Hego Koreako aparatu errepresiboaren ekintzak gaitzetsi eta elkartasun mezu irmoa luzatzen diegu HADko militante guztiei. Era berean, gure internazionalismoarekiko eta inperialismoaren aurkako borrokarekiko konpromisoa berresten dugu.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal