Poliziak operazio handia burutu du Martuteneko etxe okupatu batean
Atzo goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Martuteneko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako Udalak baieztutako datuen arabera, 56 lagun aurkitu dituzte erakinaren barruan, eta 29 Espainiako Poliziaren etxera eraman dituzte “identifikatzera”. Bertan bizi ziren gehienei, aldez aurretik prestatutako zitazio bat aurkeztu dietela baieztatu dute bertara laguntzera joan diren hainbat ekintzaile antirrazista.
Udalak esan duenez, operazio honen jatorria, “azken asteetan Martutenen bertan, leku honetan bizi diren pertsonen arteko liskar larriak dira”. Itxuraz, horrek auzotarren artean “kexak, kezka eta salaketak eragin ditu, eta ondorioz, poliziek gaurko operatiboa martxan jartzea erabaki dute”, eraikin horretan dauden “pertsonak kontrolatzeko” eta “gertakari larri horiekin zerikusia duten ala ez argitzeko”.
Ramadan betean
Eraikinean bizi da Said [izena asmatua da], eta azaldu duenez, goizeko 8:00etan etxera sartu dira poliziak, inolako agindurik erakutsi gabe. Hainbat ate puskatu dituztela erakutsi du, eta bertan zeuden guztiak atera dituztela. “Jarrera oso txarra izan da, eserita egotera behartu gaituzte eta gure artean hitz eginez gero, oihuka hasten ziren”.
Saidek salatu du ramadan betean daudela, eta horregatik etorri direla, “ohi baino jende gehixeago dagoelako etxean”. Haserrea eta minduta hitz egin du, “nahikoa” dela esanez: “Askok ikasi nahi dugu, lan egin, eta ez gaituzte bakean uzten. Norbaitek delitua egin badu, ezin dugu denok ordaindu”. “Hauek ez dira bizitzeko baldintza duinak: ez dugu urik, ez argindarrik, ez wifirik, ez ezer!”, kexatu da.
“Bi labana”
Ekintzaileek salatu dutenez, “fitxaketa operazio masibo bat izan da, bertan bizi diren guztiak gaizkile gisa tratatuz”. Bertan bizi diren guztiak zaku berean sartzeagatik, “polizia operazio arrazista” dela salatu dute.
Lehenengo ordutik izan dira bertan ekintzaileak, eta azaldu dutenez, Poliziarekin tratua “ona” izan da uneoro. Ez ordea bertan bizi direnekin: “Animalien moduan tratatu dituzte”.Udaltzaingoak bridazko eskuburdinak jarri dizkiete etxean bizi zirenei, eta Espainiako Poliziaren polizia-etxera eraman dituzte.
Etxearen miaketan, metal detektagailu batekin bilatzen aritu ostean, bi labana atera dituzte etxetik, eta ekintzaileei erakutsi dizkiete. “Arriskutsuak zirelakoan erakutsi dizkigute labanok. Baina sukaldeko labana bat eta gurin labana bat ziren! Ez dira konturatzen hemen jendea bizi dela!”.
irutxulo.hitza.eus