lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/10/2010

"Presoen argazkiak debekatzeaz gain, orain euren izen abizena erakustea debekatu nahi digute"

Apurtu.org
[Euskara] Etxerat elkarteak salatu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak debekatu duela presoen izen abizenak publikoki erakustea

Etxerat elkarteak gaur goizean Iruñean emandako prentsaurrekoa

Gaur prentsaurreko batean Etxerat-ek jakinarazi duenez, pasa den hilabetean, preso politikoen eskubideen alde Iruñea eta Iruñerrian egiten diren enkarteladak Espainiako Polizia eta Foruzaingoaren bisita jaso zuten. Polizien esanetan, Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak agindu berri bat kaleratu du esanez zigorra betetzen dauden presoen izenak ezin direla publikoki erakutsi. Gaur egun, eta beraien argazkiak erakustea debekatu zutenetik, herri askotan beraien senideen argazkiak erakusten dira, esanez noren senideak diren eta bere egoera salatuz. "Aurrerapausu errepresibo honen aurrean, euskal preso politikoen senideak ez gara ixilik geratuko", adierazi dute, eta , "inoiz baino indartsuago" enkarteladetan parte hartzeko deia luzatu dute.

"Hasieran, gure senideen aurpegiak erakustea debekatu ziguten, eta orain euren izen-abizenak ere debekatu nahi dituzte. Ezin dugu esan noren ama, aita edota anai-arrebak garen. Nola da posible? Zein izango da hurrengo debekua?", galdetu dute.“'Terrorismoaren goraipamena' balizko delituen aitzakipean, gure senideak ikustezinak bilakatzea nahi dute, espetxe politika krudel honen kontrako salaketak izkutatu nahi dute, eta gu ere, sakabanaketaren ondorioak pairatzen ditugun senideak, ikustezinak bihurtu nahi digute euskal gizartearen aurrean. Baina ez dute lortuko".
"Euskal Herrian eszenatoki politiko berri bat irekitzen ari den momentu honetan, gure senideak, euskal preso politikoak, gatazkaren konponbiderako eragile hagitz garrantzitsua da", azpimarratu dute. "Prozesu demokratikoa indartzeko, errepresaliatuen parte hartzea bermatu behar da, eta horretarako haien gutxieneko eskubideak errespetatu behar dira. Horrela gertatu zen Hegoafrikan eta Irlandan. Horrela izan da munduan eman diren konponbide-prozesu guztietan, eta horrela izan beharko da gurean ere".

Salbuespen neurriekin amaitu
Zentzu honetan, konponbide demokratiko batean sakondu ahal izateko, "eta gure herrian zabalik dauden zauriak poliki poliki sendatzen hasteko", "gure senideek pairatzen dituzten salbuespen neurriekin eta muturreko egoerekin amaitzea, sakabanaketarekin bukatzea, preso gaixoen askatasuna eta baldintzapeko askatasuna lortzeko betebeharrak betetzen dituzten presoen kaleratzea" beharrezkoa ikusten dute. "Hori da enkarteladetan egiten duguna: gure senideak beraien eskubideen jabe izango diren eszenatoki demokratiko minimo bat aldarrikatzea, gainontzeko eragile sozial eta politikoak bezala konponbide prozesuan parte har dezaten. Eta hori da hemendik aurrera egingo duguna, gero eta indartsuago, gero eta jende gehiagoren ekarpenekin, gero eta mobilizazio maila haundiago batekin".
Azkenik, eskubide urraketa amaitezin honen aurrean planto egiteko deia egin dute. "Euskal independentismoa zigortzeko jarritako neurriak dira, baina azkenean gizarte osoan egiten dute kalte, guztion askatasunak murrizten dituztelako, gero eta sektore zabalagoen eskubideak urratuz".
Horregatik, enkarteladetan parte hartzeko deia egin dute, "bai presoen borrokarekin solidarioak diren pertsonei, baita bake bidean aterabide demokratikoarekin beren konpromezua adierazi duten eragileei ere". "Inoiz baino indartsuago, preso politikoen aldarrikapenak gizarteratzeko mobilizazioan dugu giltza. Horregatik, Etxerat-ek beren eskubide guztien errespetua ozen jarraituko du aldarrikatzen, herri honek bultzatu nahi duen konponbide prozesuan bere parte hartze bermatzeko eta, horrela, prozesua bera atzeraezin bihurtzeko".

Gertakariak
Esan bezala, irailan zehar polizia ezberdinek enkarteladak oztopatu zituzten, presoen izen-abizenak erakusten zirela argudiatuz. Atarrabian Polizia eta Foruzaingoa joan ziren eta enkarteladan zeuden guztiak (35 pertsona inguru) identifikatu zituzten. Burlatan Polizia agertu zen eta jendea identifikatu zuten. Txantrean Polizia agertu zen, presoen izena eta kilometroak zituzten paletak eraman eta bertan zegoen jendea, 19 pertsona, identifikatu zituzten, Audientzia Nazionalera informea bidaliko zutela mehatxatuz. Donibane auzoan Foruzaingoa agertu zen, eta presoen paletak eraman zituzten eta jendea identifikatu zuen. Azkenik, Iruñeako enkarteladan Foruzaingoak agertu ziren, eta aitzaki berdinarekin, senideak mehatxatu zuten. Azken aste hauetan mantendu da jazarpen hau.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal